Balentziagako antropologoa

Getariako Balentziaga museoan diseinatzailearen jantziak tentu handiz kontserbatzen dituzte. Guztira 1.200 pieza dituzte, eta tenperatura eta hezetasun egokian edukitzea ezinbestekoa da.

Igor Uria, Balentziaga museoko kontserbazio arduraduna. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Getaria
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Balentziaga museoko jantziak ukitzeko pribilegioa duen bakarra da Igor Uria. Eskularruak jantzi ditu, hala ere, elkarrizketaeman bitartean aurrean duen soinekoa erakusteko. Barbara Huttoni, XX. mendeko emakumerik aberatsenetako bati egindako soinekoa da, eta ukitu beharrean laztandu egiten duela dirudi. «Nire haurrak dira», aitortu du Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoko kontserbazio arduradunak. Orduak ematen ditu haiek zaintzen eta ofizioarekiko maitasuna nabari zaio. «Oso garrantzitsua da ondare hau kontserbatzea. Gure helburua da garai hartako errealitatera ahal bezain ongi egokitzea. Antropologoak ematen dugu, askotan».

Historia berreraikitzen dihardu; jantzi bakoitzak atzean duen istorioaren haritik tiraka: «1947ko soinekoa da hau. Barbara Huttonek Tangerreko (Maroko) lagun bati eman zion opari, eta haren ilobak ekarri digu soinekoa museora». Jantzia iristen denetik ikusgai jartzen den arte, ordea, lan handia izaten du Uriak. «Lehendabizi berrogeialdian izaten ditugu, segurtasun gisa». Kanpotik garbia dagoela dirudien arren, onddoak edota pipiak, besteak beste, eduki ditzake. «Ondoren, mikroxurgaketa egiten diegu».Xurgatzaile txiki batekin hautsa kentzen zaio horrela, bai barnetik eta kanpotik. Jantzia egoki gordetzeak duen garrantzia ere nabarmendu du. Tenperatura eta hezetasuna kontrolpean dituzte, une oro, eraikin osoan. «Batzuk ezin dira esekigailutik zintzilikatu. Huttonen soineko honek besazpian zuloa dauka, eta gehiago apurtuko litzateke. Soineko pisutsuekin ere arriskutsua da». Kasu horietan, barruan kotoia jartzen dute, goiko zatiak behekoari tentsiorik ez pasatzeko. «Horrela jantziak ez du minik hartzen». Tiraderetan gordetzen dituzte, ondoren, gordailuan.

Manikiaren garrantzia

Ikusgai jarriko dituzten jantziei behar dituzten konponketak egiteaz ere arduratzen da Uria. Horretarako, eskularruak kentzen ditu. «Eskuetan beti izaten dugu koipe puntu bat, eta, horregatik, komeni da ahal bada materialak ez ukitzea». Gainera, piezak eusteko gorputza ere egin behar izaten dute. Koadro batek«markoa» behar duen gisan, jantzi bakoitzarentzat «neurrira» egiten dituzte manikiak.

Hainbat faktore hartzen dituzte aintzat. Alde batetik, soinekoek sorbaldan eta gerrian jasaten dutela pisurik handiena, eta, bestetik, garai hartako emakumeen ibilera ez zela gaur egungoen tankerakoa. «Jostunek beste modu batera irudikatzen zuten gorputza. Balentziagaren arropekin, besoak aurreratu egiten zitzaizkien eta bizkarra ez zitzaien erabat zuzen geratzen».

Cristobal Balentziagak egindako 1.200 piezadituzte guztira, eta 90 daude ikusgai. Hurrengo urteetan bilduma handitzea da euren nahia. «Batzuk pentsatzen dute etxean hobeto gordeko dutela jantzia, baina jakin behar dute hemen baino hobeto ez ditugula inon zaintzen».Nolanahi ere, erakusketa datorren urtean aldatuko dute. «Soinekoentzat kaltegarria da denbora askoz ikusgai egotea. Publikoaren aurrean dauden egun bakoitzeko hiru egun pasatu behar dituzte gordeta. Pertsonak bezalakoak dira, bizia dute eta nekatu egiten dira».

Balentziagak modara ekarri zituen berrikuntzak goraipatu ditu Uriak, eta Donostia, Madril eta Bartzelonatik Parisera jauzi egitean erakutsi zuen ausardia miretsi ditu. «Museoan dagoen zaku-soinekoa, esaterako, izugarria da. Inguruko diseinatzaileek eredutzat zuten». Christian Diorren honako aipu hau dago museoaren horman: «Guk ehunekin ahal duguna egiten dugu; Balentziagak nahi duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.