Balentziagaren lanak zineman

Balentziagak zinemarekin izan zuen lotura ikus daiteke Balentziaga museoko argazki erakusketan

Askotariko zuzendari eta aktorerekin lan egin zuen Balentziagak. G. R. / ARP.
Ilargi Agirre.
Getaria
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziaga diseinatzaileak zinemarekin harreman estua izan zuen bere ibilbidean. Nazioarteko hogei filmetan baino gehiagotan lan egin zuen protagonisten jantziak egiten. Orain arte ezkutuan geratutako alderdi hori azaleratzeko ireki dute Zinema, Balentziagaren amets bat erakusketa. Balentziaga museoan bertan egongo da zabalik, Getarian (Gipuzkoa), irailera bitartean.

Besteak beste, Ava Gardner, Maria Felix, Conchita Montenegro, Marlene Dietrich, Brigitte Bardot eta Ingrid Bergman aktoreek Balentziagaren soinekoakjantzi zituzten filmetan. Berrogei urtean puntako zinema zuzendariekin lan egin zuen diseinatzaileak: Alfred Hitchcock, Stanley Kramer, Anatole Litvak eta Marcel Carnerekin, batzuk aipatzearren.

Christian Dior diseinatzaileak zineman egindako lana —hirurogei filmetan parte hartu zuen—ezaguna izan da, adibidez; baina Balentziagak zinemarekin izan duen lotura ilunpetan geratu da orain arte. «Balentziaga lantegian bere baitan bilduta egon ohi zela pentsatzen zen. Diseinutik harago ez zitzaiola ezer interesatzen», esan zuen Javier Gonzalez de Duranak, Balentziaga museoko zuzendariak.

Pedro Usabiaga erakusketaren komisarioak berriki egindako ikerketak ideia hori hankaz gora jarri du, ordea. Moda argazkilaria da Usabiaga, eta Jose Luis Borau zinema zuzendari eta ekoizleari argazki saio bat egiten ari zitzaiola piztu zitzaion gaiaren inguruan ikertzen hasteko arra. Conchita Montenegro aktore donostiarraren argazki bat zuen Borauk estudioan. Hollywoodera iritsi zen Montenegro, eta nazioarteko aktore gisa ibilbidea egin zuen lehena izan zen, Usabiagak kontatu zuenez. «Borauk aipatu zidan Montenegro beti Balentziagaren jantziekin agertzen zela filmetan, eta orduan piztu zitzaidan jakin-mina».

Ikerketa nekeza izan da, garai hartako filmen kredituetan ez baitziren askotan azaltzen diseinatzaileen izenak. Filmez film, Balentziagaren diseinuak non agertzen ziren arakatzen ibili da, ondorioz, Usabiaga. Erakusketarekin batera, katalogo mardul bat ere kaleratu dute.

Zuri-beltzeko eta koloretako ehun argazkik osatzen dute erakusketa. Balentziagak hainbat filmetarako diseinatutako jantziak ikus daitezke, azalpena alboan dutela. Amaieran, filmetako eszenak erakusten dituen bideo bat dago.

Zerrenda luzea

1939koa da Balentziagak parte hartu zuen lehen filma. Robert Siodmak zuzendari alemaniarraren Pièges. Eta 1968koa azkena: La piscine. Tartean, zerrenda luzea dago. Jean Boyerren Bolero (1941), Emilio Gomezen La estrella vacía (1958), Alfred Hitchcocken North by Northwest (1959), eta Stanley Cramerren Judgment at Nuremberg (1961), batzuk aipatzearren.

Nunnally Johnsonen The Angel Wore Red filmarekin lotuta, bitxikeria bat kontatu zuen Usabiagak. Espainiako gerraren erdian, apaiz komunista batekin maitemindutako prostituta baten istorioa kontatzen du filmak. «Madrilen egin nahi zuten grabaketa, baina 1960a zen, eta Espainian halakorik ezin zela grabatu esan zieten».

Erromara joan ziren orduan. Ava Gardner aktoreak egiten zuen prostitutarena. «Paperean ongi sartzeko, txukundu gabe atera nahi zuen eszena batean. Ilea orraztu gabe, eta hala moduz jantzita. Baina ekoizleak proba ikusi, eta ez zuen onartu. Balentziagari deitu behar zitzaiola esan zuen». Filmean ikusten den gasazko soineko beltz bat egin zion Balentziagak —katalogo- ko azalean jarri duten argazkia da—. «Prostituta zen, baina ez edozein prostituta. Nik uste dut ongi laburbiltzen duela Balentziagaren dotorezia».

Anastasia-n gizonezkoentzako moda ere ukitu zuen, eta Alta costura filmean, aktore protagonista guztien jantziak egin zituen Balentziagak. «Betiere filmaren garaira egokitutako jantziak egin behar zituzten, ez eurek nahi zituztenak». Usabiagak Almodovarren adierazpen batzuk ekarri zituen gogora: «Berak esaten du jantziak oso garrantzitsuak direla zineman, filma girotzeko ezinbestekoak direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.