Kutsu magikoa izaten du Euskal Herrian ekainaren 23ak. San Joan gauarekin batera pizten dira suak herri askotan. Aurten egun magikoa izateaz gain, egun historiko ere bilakatuko da. Lehendabiziko aldiz Euskal Herria izenarekin lehiatuko da emakumezkoen futbol selekzioa. Donostiako Anoetan jokatuko dute Eslovakiaren aurka.ESAITek, Kontseiluak eta EH Kirolak-ek antolatu dute partida. Askotariko ekintzak egingo dituzte goizetik iluntzera bitartean estadioaren inguruan.
«Ekainaren 23an agur esaten diegu izpiritu txarrei eta ongietorria egiten diegu amets berriei. Aldarria eta festa giroa uztartuko duen eguna futbol partida batetik harago joango da», adierazi zuen Maite Indo Euskararen Gizarte Erakudeen Kontseiluko kideak. Zubietan (Donostia) egindako aurkezpenean ESAITeko Martxel Toledo eta Euskal Herria Kirolak-eko Jon Esturo izan ziren, festan parte hartuko duten hainbat lagunekin batera. Tartean ziren Aintzane Encinas eta Ainara Herrero Realeko jokalariak ere.
Hamaika emakume arituko dira futbol zelaian, eta hamaika, milaka, herritar bildu nahi dituzte Anoetan, Hamaika gara lelopean. Hala, egunerokoan euskaraz bizi nahi dutenei, Euskal Herriko selekzioen aldekoei eta parekidetasuna defendatzen dutenei estadioko harmailak betetzeko gonbita egin zien Indok.
Euskal Herria herri txikia bada ere neurri batean handia ere badela uste du Porrotx pailazoak, eta euskaldunok munduko puzzlean gazta zatia nahi dugula pentsatzen du. Gazta eta baloiaren arteko lotura egin zuen.
Goizetik bihurtuko da Anoetako estadioaren ingurua festa gune erraldoi. 10:30etik aurrera, Irrien Lagunak-eko kideak etxeko txikienekin jolastuko dira, eta Debako eletrotxaranga eta DJ Bull-ek giroa berotuko dute. Txan Magoaren magia ikuskizunak txundituta utziko ditu gazteak zein helduak. Eguerdian izango da ekitaldi ofiziala, eta ondoren, Ze Esatek taldeak joko du.
Estadio barruan jarraituko du jaiak bazkaldu ondoren. Sarrera ordaindu beharko da horretarako. Hainbat abeslarik kantaldia emango dute, puntako kirolarien arteko norgehiagoka egongo da eta futbolean aritutako emakumeei omenaldia egingo zaie. 16:30ean hasiko da partida. Atsedenean Asier Riesgo Osasunako atezainari penaltia botatzeko aukera izango du nahi duenak. Hori egiteko aurrez eman behar da izena ekainaren 21a baino lehen www.hamaikagara.com-en. Egun horretako aldarrikapenarekin ere bat egin daitekewebgunean.
Sarrerak bost eta hamar eurotan
Zazpi urte eta hamalau urte arteko haurrek bost euro ordaindu beharko dute sarrera, eta hamabost urtetik gorakoek hamar euro. Hainbat bide daude erosteko: www.hamaikagara.com webgunean edo Anoetako leihatilara jo daiteke bezperan eta egunean bertan. Horrez gain, Donostiako Aratz eta Erniope tabernan, Bilboko Kalderapekon, Iruñeko Iruñazarran, Baionako Kalostrapen eta Gasteizko Hala Bedi tabernan jarriko dituzte salgai.
Eslovakia munduko talde onenen artean 36.a da. Antolatzaileek jakinarazi zuten Euskal Herriak irabaziz gero sailkapenean aurrerago dagoen talde bat ekartzeko asmoa dutela hurrengo urteetarako.
Baloikadak aldarrikapen
Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioak partida bat jokatuko du Eslovakiaren aurka, ekainaren 23an, Donostiako Anoetan estadioan. Egun osoko festa egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu