Adrian Tyler Londresen jaio zen, 1963. urtean, baina Eskozian hazi zen, Glasgowen, eta eskoziartzat du bere burua. Eskoziarren eta euskaldunen arteko antzari egozten dio bere lana Euskal Herrian Espainian baino gehiago erakutsi izana. Externalities erakusketa du Zarauzko Torre Luzea aretoan. Enpresa handiek eta gobernuek natura «modu nihilistan» tratatzeko duten moduaz hitz egiten du 23 irudiren bitartez.
Konpainia handien eta naturaren arteko harremana ez dirudi berez oso gai fotogenikoa. Nolatan heldu zenion gaiari?
Gure eguneroko bizitzari gehien eragiten dion kontua delako. Geure gizarteari forma eman diote konpainiok, egunez egun, Reaganomics deiturikoaren garaitik. Zuk botoa sartzen duzu boto kutxan, baina horren gainetik bankuak eta korporazioak daude. Zuk benetan uste duzu Raxoi orain egiten ari den murrizketak jendearen onerako direla? Bankuei zorra epe motzean berreskuratuko dutela ziurtatzeko da. Bankari terroristen espekulazioa ez da gelditu, dagoeneko %6 baino gehiago dute maileguetan. Horiek kontrolatzen dute mundua, Goldman Sachs, Morgan Stanley eta beste terroristak.
Argazkigintza al da halako gaiak jorratzeko adierazpiderik egokiena?
Ez dakit, baina gaur jendaurrean zer edo zer erakutsi behar baduzu, ezin diezu izkin egin gizarte gisa ditugun arazoei. Testuingurutik at legoke paisaia politen argazkiak jartzea pairatzen dugun moralik gabeko garai larri honetan. Halere, erakusketak ez du inongo irakasgai moralik. Nire ustez, metafora gisa funtzionatzen dute argazkiok, sekuentzia horretan, edizio eta aurkezpen horrekin. Baina artistari ez zaio kaso askorik egin behar; haren hitzek, normalean, lanari kendu egiten diotelako, gehitu barik.
1927ko Depresio Handia gai oparoa izan zen argazkigintzan. Gaurko krisiarenak antzekoak izango dira?
Gaurko krisiaren argazkia hirien irudia da. Duela hogei urte bazenekien zein hiritan zinen eraikinei apur bat begiratuz. Orain, berriz, dena berdina da: etxe atxikiak, industria pabiloiak. Paisaia erabat suntsitu du etxegintzaren espekulazioak. Gizarte nekazaria gizarte hiritarra bihurtu zenean baino askoz handiagoa izan da aldaketa hogei urteotan. Eta 2008tik argi geratu da sistema honek bere burua suntsitzen duela. Ponzi iruzur bat da, Madoffena bezalakoa, baina ez da lege bakar bat ere aldatu. Herritarrei ordainarazi diete bankuen zorra, besterik ez.
Beste erakusketa bat zabalduko duzu aurki Madrilen.
Suntsituriko liburuen ingurukoa izango da Dust to Dust erakusketa. Erresuma Batuko eta Europako liburutegi handietan ibili naiz, suntsituriko ondasunak erretratatzen. Esaterako, Vesubio sumendiaren erupzioak Kristo aurreko 112an erretako pergaminoak daude tartean; nazien bonbardaketetan hondaturiko liburuak, Bigarren Mundu Gerran; edo erreformistek XVI. mendean apurturiko antzinako kodex preziorik gabeak.
Azken batean, gai bera da, ezta? Bandalismo antolatua eta denon aberastasunaren suntsipena.
Badirudi etengabeko suntsipena izango dela espezie gisa utziko dugun ondasuna. Hartzen ditudan gaiek modu formalean funtzionatzeaz gain, metaforikoki eta sinbolikoki funtzionatzea nahi dut. Baina ez dut handinahia eman nahi. Argazkiek, azken batean, kristorenak izan behar dute, jendeak goza dezan eta norberak bere ondorioak atera ditzan.
Adrian Tyler. Argazkilaria
«Bankari terroristen espekulazioa ez da gelditu, murrizketak egin arren»
Konpainia handiek eta gobernuek naturarekiko duten jarrera arduragabea erakutsi nahi du sortzaile eskoziarrak 'Externalities' erakusketan. Zarautzen dago ikusgai, maiatzaren 27ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu