Juan Mari Soto Zabalza baratzezaina lanean ari da. Aurki merkatura saltzera eramanen dituen landareak ikuskatzen ari da negutegian. 60 urte ditu, eta bizitza osoa darama Arantzadiko Etxe Txurian bizitzen. Hamasei urte zituenetik, eguna argitu orduko baratzera joaten da lanera. 30.000 metro karratuko lur eremuan sasoian sasoiko barazkiak landatzen ditu. Jaio zen etxea, lantzen dituen baratzeak eta bere lanbidea desagertu eginen dira Iruñeko Udalaren proiektuarekin.
Noiztik ari zara lanean Arantzadiko ortuetan?
Bizitza guztia daramat baratzezain. 16 urte nituela hasi nintzen aitarekin lanean. Etxe honetan sortu nintzen, eta nire aita ere bai. Guk haren bidea jarraitu genuen.
Hasi zinenetik asko aldatu da hemengo bizimodua?
Ez gehiegi, baina baratzezain gisa bizitzea gero eta zailagoa dela ohartzen naiz. Lehen ez zegoen hainbesteko lehiarik, baina orain barazkiak edonondik ekartzen dizkizute, eta irabazi tartea txikiagoa da. Badugu postu bat Iruñeko Bigarren Zabalguneko merkatuan, eta han saltzen dugu hemen produzitutakoaren zati bat. Bestea Mercairuñako handizkari batzuei saltzen diegu. Lehen bagenituen abereak ere, eta orain oilo batzuk besterik ez dugu. Hiru langile finko ditut nire kargu, eta horiek beste zerbaitetan hasi beharko dute hau bukatzean.
Arraiza familiaren maizter zinen Iruñeko Udalak lurrak eta etxea erosi zizkien arte. Orain zein da zure egoera?
Udalarekin dudan hitzarmenaren arabera, baratzea kudeatzen jarraitu behar dut hark hemendik alde egiteko esan arte, eta hori gutxienez sei hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi behar dit. Printzipioz, bizpahiru urte hemen jarraituko nuela esan zidaten, eta bitartean hau guztia mantendu egin behar nuela. Oraingoz, ez dut alde egiteko egun zehatzik.
Proiektuaren arabera hau guztia desagertu eginen da. Zure jaiotetxea botatzen ikusteak eta bizitza osoan landutako lurrak uzteak ez dizu bihozminik ematen?
Bai, pena hartuko dut, eta etxea botatzen duten egunean norabaitera alde eginen dut nola botatzen duten ez ikusteko. Hemen jaioa naiz eta nire aita ere bai. Nire aitona ere hemen bizi izan zen Lakarretik etorrita. Baina deus ez da betiko. Parkean hiru eraikin bakarrik geldituko dira: Gurbindo etxea, arraizatarrena eta udalaren eskola-tailerra (Irujo etxea). Parkearen barruan ezin dela negozio pribaturik egon esan didate.
Erretiroa hemen hartuko duzula uste duzu?
Parkearen lanak uste baino motelago doaz, eta uste dut hemen hartuko dudala erretiro. Gainera, nora joanen naiz 60 urterekin? Barazkiak ekoiztea eta saltzea da nire lana. Familia hemen hazi dut, baina badakit denak amaiera bat duela. Gainera, ni ez naiz jabe izan, maizterra baizik. Banekien erretiroa hartuta hemendik alde egin beharko nuela.
Zer iruditzen zaizu udalaren proiektua?
Baratzeen eremua orain baino hobeki egonen dela uste dut, sartzen errazagoa izanen dela. Parkera hurbiltzen denak bertatik bertara ikusi ahal izanen ditu baratzeak. Garai batean bost baratzezain handi zeuden, eta egun Agustin Beroiz eta ni ginen profesionalki aritzen ginen baratzezain pribatu bakarrak. Nafarroako Kutxaren proiektua eta egiten ari diren errepide berria beste kontu bat dira. Ez dut uste parke batean egokiak direnik.
Juan Mari Soto. Baratzezaina
«Baratzeen eremua orain baino hobeki egonen da; sartzen errazagoa izanen da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu