Baionako bestak. Potreta. Pantxika Urruti. Buhaminak taldeko presidentea

«Barneko minak kantuaren bidez azalaraztea da gure xede eta plazera»

Buhaminak taldea 34 emaztek osatzen dute. Hamar urteko ibilbidearen aitortza jaso dute, lehen eguneko kontzertuan kantatuz.

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Baionako bestetan otu zitzaien Buhaminak taldea sortzeko xedea. Bost emazte, bost zuberotar xedearen oinarrian. Kantua bihotzean eta eztarrian daramate. Bestetan naturalki ehuntzen ziren ahotsak zuzendari baten laguntzaz lantzea deliberatu zuten. Orduko xedeak bide egin du, eta Baionako bestetako 80. urtemugakari antolatu den kontzertuan kantatzera gomitatu zituzten, asteazkenean.

Nola sortu zen taldea osatzeko irrika?

Baionako bestetan izan zen, 2001ean. Igande gaua zen, eta ostatu batean bost zuberotar, bost emazte bildu ginen. Besta giroan usaian den bezala, kantuz aritu ginen eztarria urratu arte, orroz. Gau ederra izan zen. Kantuaren plazera lantzeko gogoa genuen, eta ahotsen jolasa landu behar genuela aipatu genuen. Horrela joan zen urtea, aipatu eta aipatu, baina deus zehaztu gabe. Halako batean, Sophie Larrandabururekin sartu ginen harremanetan. Orduan parte hartu zuen Sohütako pastoralean. Une berean, Maitena Lapeyre Iruriko pastoralean ari zen, bi pastoral izan baitziren urte hartan. Bertze zuberotar baten ile apaindegian elkartu ziren, eta Larrandaburuk berehala onartu zuen gure eskaria. Taldearen oinarria osatua zen.

Nola egituratu zenuten taldea?

Lehen urratsa biltzea izan zen, taldearen izena atzematea. Bizpahiru orenez aritu ginen, proposamenak eta irriak eginez. Azkenik, Buhaminak izena hautatu genuen, hitz jokoa baliatuz. Buhatzea ufatzea da zubereraz, eta mina, denok barnean dugun sentimendu edo ezin egon hori. Barneko samin edo min horiek kantuaren bidez azalaraztea dagure xede eta plazera. Beste alde batetik, buhameak gizarte eredutik kanpo dabiltzan pertsonaiak dira Zuberoan. Izena hautaturik, otxotea osatzea zen hastapeneko xedea. Baina, berehala, hamabost bat bildu ginen. Gaur egun, 34 gara taldean, eta asteroko errepikaldietan 32 biltzen gara bederen. Toki bat atzeman dugu Baionan, eta han biltzen gara. Talde handia da, eta, duela lau urte, deliberatu genuen ezin genuela jende gehiagorik hartu. Beraz, taldea osatua da, eta Euskal Herri osoko emazteak daude bertan. Elkarte gisa antolaturik gaude; legeak agindurik, presidente bat behar zen, eta ni izendatu ninduten.

Zergatik deliberatu zenuten emazte taldea sortzea?

Betidanik kantatu izan dugu gizonekin, eta beti arazo bera atzematen genuen tonua hartzeko. Gizonek hartzen bazuten, emazteak behartuak ginen beheko boza hartzera edo sobera gora aritzera. Larrandaburuk hautatzen ditu kantuak, eta gure bozetara egokitzen ditu, tonuak egokituz. Ez gara abesbatza klasikoa. Ez dugu bilatzen soprano baten indarra izatea, guztien ahotsak ongi hariltzea baizik.

Zuen ondoan, usu, gizonezkoen abesbatzak ari dira kantuan, aitzin edo gibel. Nolako harrera adierazten dizuete?

Baionako bestetan, urtero kantatu dugu ostegunetan Lakarre plazan. Han gizonezkoen abesbatzak aritzen dira nagusiki. Haiek bukaturik, gu entzutera gelditzen dira beti. Kantaldia bukaturik ere, elkarrekin segitzen dugu kantuan. Beraz, harrera ona izan dela erran nezake. Sekula ez dugu sentitu gure kontrako jarrerarik. Aldiz, lehia edo zeingehiagoka gisako zerbait sortzen da, eta hori aberasgarria da guztientzat. Hastapenean, lagun talde bat baino ez ginela uste zuten anitzek. Baina kantuak zorrotz lantzen ditugu, eta ikusten da lanaren kalitatea. Hor dago emaitza.

Hastapeneko bostak zuberotarrak zineten, eta pastoraletan, bada emazteen kantua. Nolabaiteko ohitura bazenuten, beraz.

Bai. Egia da guztiak aritu izan ginela pastoraletan eta beti egiten dela emazteen kantorea. Pastoraletan, une garrantzitsua izaten da hori. Guretzat naturala da, eta plazer bat da ahotsa bortxatu gabe kantatzea. Izugarrizko plazera. Baliteke hastapeneko bostak zuberotarrak izateak eragina izatea, ondotik egin bidea naturalagoa izateko.

Besten 80. urtemugakari egin den kontzertuan kantatzeko deitu zintuzteten. Nola hartu duzue?

Pozik; ez genuen horrelakorik pentsatzen, eta egindako lanaren aitortza da gomita hori. Ez da pario txikia bestetako kantaldi horretan 34 emaztek osatzen duten talde bat jartzea oholtzan.

Euskaraz kantatzen duzue, kanpoko kantuak baztertu gabe. Nola hautatzen duzue kantutegia?

Larrandaburuk hautatzen ditu, eta egokitu. Kantu gehienak, naturala denez, euskaraz egiten ditugu. Gure kultura da. Baina munduari irekiak gara, eta, horregatik, mundu zabaleko kantuak gureak egiten ditugu. Brasilgo kantu bat dugu, afrikar bat, mexikar bat. Nahasketa handiagoak ere egiten ditugu. Adibidez, kantu batean, Okzitaniako kantu batekin hasten gara, gero Euskal Herriko batekin segitu eta, bukatzeko, doinu zeltikoa baliatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.