Leloari ez dio hutsik egin Araba Euskaraz-ek, euskara lau haizetara barneratu eta barreiatu dutelako milaka euskaltzalek Bastidan. Marka guztiak hautsi zituen igandean Arabako ikastolen festak, Euskal Herriko bazter guztietatik joandako lagunak izan baitziren Arabako Errioxako herrian, egun osoz. Eguraldi paregabea lagun izan zuten euskaltzaleek Bastidan, eta aurreikuspenak gainditu zituen Araba Euskaraz-en 32. jaiak. Ezarritako helburuak, beraz, aise bete ditu aurtengo festak.
Antolatzaileak pozarren daude euskaltzaleek emandako erantzunarekin. Nabarmendu dutenez, hainbat lurraldetatik joandako euskaltzale andana bildu da Araba Euskaraz-era, eta giro ezin hobea egon da Bastidan. Aparkalekuak gainezka eta guneak lepoizan dira, eta bazkariak, pintxoak, bokatak, taloak eta freskagarriak erruz saldu dituzte. «Ekitaldi guztiak orduan izan dira, eta giro ezin hobea egon da guneetan: herri kirolak, bertsolariak, musika taldeak, dantza, konpartsak, fanfarreak, umeentzako tailerrak, buruhandiak, pailazoak... aukera izugarriak egon dira denon gusturako», nabarmendu dute. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Bastidara bildutako guztiei, baita prestaketa lanetan zein egunean bertan lagundu dietenei zein horren berri eman duten komunikabideei ere. Finean, aurtengo leloa zabaltzen lagundu duten guztientzat esker oneko hitzak izan dituzte.
«Euskaltzale ugari batu gara Bastidan, eta euskarak Araban bere lekua ziurtatua duela erakutsi dugu», adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, ikastolako eraikin berriaren zorrak kitatzeko dirua erdiesteaz gainera,euskara «barreiatzea» ere lortu dute, ikastolen egitasmoa zabaldu, indartu eta ezagutarazteko balio izan duelako festak. «Bastida ikastolak bere altxorra banatu du Arabako Errioxan», adierazi dute.
Hiru kilometroko ibilbidea prestatu zuten ikastolakoek herenegun, eta, denera, lau gune izan ziren. Horietatik bi herrian bertan (bata, ikastolan eta bestea, Marigiloz etorbidean ) eta beste biak ikastolatik hegoaldera, herriko alde zaharretik urrun. Goizeko hamarretan abiatu zen festa, pirataz mozorrotutako ikastolako haurren lehorreratzearekin.Kutxa batean gordetako altxorra atera, eta Euskara, barneratu, barreiatu leloa lau haizetara zabaldu zuten txikiek herrian.
Hasierako ekitaldian, Bastida ikastolako eta Arabako Ikastolen Federazioko kideekin batera, ez zuten hutsik egin nahi izan erakundeetako eta alderdi politikoetako hainbat ordezkarik ere. Han izan zen, besteak beste, Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Arabako Errioxan euskarak bultzada behar duela azpimarratu zuen: «Euskarak presentzia txikia du lurralde honetan; horregatik, festa hau ongietorria da euskara zabaltzeko lanean». Xabier Arrieta Ikastolen Federazioko presidenteak, berriz, eskualdean Batxilergoa eskainiko duen ikastetxe bat eskatu zuen.
Eguraldi beroa
Ibilbide koloretsua eta jendetsua egiteko aukera izan zuten Bastidara bildutako milaka euskaltzaleek. Bero handiari aurre egin behar izan zioten, eta zuhaitzetako gerizpeak eta herriko iturrien inguruak jendez beteta egon ziren egun osoz.
Laugarren gunea izan zen, dudarik gabe, jendetsuena, musika emanaldiek gazte ugari erakarri zituztelako: goizean, bertsolariak eta Jonhy & Jospeh taldearen ikuskizunarekin, eta, bazkalordutik aurrera, Gatibu, Nahixan eta Ze Esatek! taldeen doinuekin. Hirugarren gunea haurren gozamenerako prestatu zuten, puzgarriekin eta jolasekin. Bigarren eremua lasaiagoa izen zen: herri bazkaria prestatu zuten milaka lagunentzat, eta erromerian ederki pasatu zuten haur zein nagusiek. Eta lehenengo gunera ere euskaltzale asko bildu zen, besteak beste, Arabako herrien arteko pilota txapelketaren finala eta Iparraldeko herri kirolak ikustera. Berritasunik ere izan zen Bastidako festan: lehen aldiz pantaila erraldoia paratu zuten ibilbidean, sare sozialetatik bidalitako mezuak zein argazkiak jaso eta erakusteko.
Araba Euskaraz-en jaiak Amurriora bidaiatuko du datorren urtean. Atzo hango ikastolako arduradunek lekukoa jaso eta gero, euskararen aldeko uholdea Aiaraldeko eskualdera iristeko atzerako kontua hasi da.
Ezarian
Barneratuz eta barreiatuz
Eguraldia lagun, Bastidako bazter guztiak euskaltzalez bete ditu Araba Euskaraz-en jaiak. Aurtengo leloari eutsi dio Arabako ikastolen festak, eta euskara eta ikastolen egitasmoa zabaldu, indartu eta ezagutarazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu