Bilboko Aste Nagusia

Barrakak eta algarak

Irria eragiten dute, eta izua; haurrak siku ateratzen dira batzuetan, eta blaituta besteetan. Askotarikoak dira Etxebarria parkeko 73 barrakak. Garestitu diren arren, badabil jendea.

Noria garaia, eta txistulariak inguruan. M. DEL VALLE / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Krispeta usaina nabaritzen da Gas plazako eskaileretatik igo ahala. Adin guztietako jendea ikus daiteke barraketarako bidean. Bilboko Aste Nagusiko beste tradizio bat bilakatu baita barraketara joatea, lagunekin, aitona-amonekin edo lehengusu-lehengusinekin, bestela.

Behin barraketara iritsita, lehen oihuak entzun daitezke. Matxinsaltoa, zezen mekanikoa, jotzeko autoak eta halako barraka klasikoak egonagatik, umeek badute barraka berezietara jotzeko aukera ere. «Ama, mesedez, joan gaitezke horretara?», galdetu dio semeak. Ratón Vacilón delakoa seinalatu du umetxoak. Zirkuaren alboan dago, eta bistan da ilararik luzeena duela. Kurbaz beteriko ibilbide batek osatzen du, eta jendeak hura zeharkatzen du, sagu baten antza duen bagoian. Gazteak eta ez hain gazteak ikus daitezke barraka horretan, eta, ibilbidea amaitzen dutenean, atera dizkieten argazkiak ikusteko eta erosteko aukera dute. Horra hurbildu dira aita eta semea barrakatik jaitsi bezain laster. «Begira zure aurpegiari, aita», esan dio semeak, barrezka.

Mr. Beanek badu barraka propioa, arratoiaren alboan. Han ere, ilara ez da laburra. Umeak izutu eta busti egiten dira, eta barrea ere eragiten die askori, tranpaz beteriko lau solairuk osatzen baitute gunea. Bigarren solairuan, ispiluen labirintoa dago; hainbatek ispiluak jo dituzte oharkabean, eta horrek lagunen barre karkara eragin du.

Irantzu bikotekidearekin eta semearekin etorri da Gasteiztik. Mr. Beanen barrakako solairuren batean dago semea, eta gurasoak kanpoan geratu dira, zain. Halere, Irantzuk aitortu duenez, haiek ere igo dira barraka batera. Uretako barrakara, hain zuzen, freskatzeko eta dibertitzeko aukera eskaintzen baitu.

Noriak ere arrakasta handia du. Bikoteen artean, batez ere, ilaran erreparatu daitekeen bezala. Gainera, noriaren garaiera dela eta, turista asko hurbildu dira, igotzeko gogoz. Bilbo zabal ikusten da hor goitik, eta ikuspegiak erakarri egiten ditu asko. Bestalde, oso erromantikoak ez direnentzat eta ausartentzat ere badaude barrakak. Horietako bat da Beldurrezko Etxea. Lau solairu ditu barrakak, eta jendea bagoi batean mugitzen da solairuz solairu. Beldurrezko filmetako protagonistez mozorrotutako pertsonekin egin dute topo solairu batzuetan.

Sarrerak, gora

Sergio gazte bilbotarrak nahiago du Rocket deituriko barraka. Mailu erraldoi baten antza du, eta alde batetik bestera kulunkatzen da. Sergioren iritziz, plan ezin hobea da barraketara joatea eta gero txosnetara jaistea. Dena den, prezioak garestitu direnez, aurten barraka gutxiagotara joan da. Halere, Etxebarria parkera joaten direnek badauzkate beste era batzuk dibertitzeko, barrakez bestelakoak: tonbola, bingoa, karabina, eta dibertimenduzko jokoak ere badaude.

Argiaren eta erregaiaren prezioak igo egin dira azken hilabeteetan, eta, ondorioz, halaxe egin du barrakenak ere. Aste Nagusitik kanpo, prezioa 2,50 eurokoa da. Aste Nagusian, berriz, hiru euro balio du barraka bakoitzeko sarrerak. 50 zentimo garestitu da, alegia. Marian Bilbon bizi da, eta 27 urte daramatza sarrerak saltzen ohe elastikoetarako. Haren ustez, jendeak ez dio etortzeari utzi, prezioaren igoera ez delako «oso nabarmena». Gainera, Marianek azaldu duenez, Euskal Herrian barraketara joatea ez da bereziki garestia, inguruko beste toki batzuekin alderatuta.

Dena den, tonbolan urdaiazpikoa lortu duen horri merke atera zaio jokaldia. Garestiago atera zaio, berriz, barrakatik jaitsi eta zuhaitz batera botaka egitera joan denari.

Barraketatik inguruko terrazetara joan dira guraso eta haur asko. Izan ere, askok afaldu ere han egiten dute. Besteak beste, ogitartekoak, saltxitxak, izozkiak eta azukrezko kotoia erosteko aukera dute bisitariek.

Hango taberna batean egiten du lan Alba Maria Jaengo (Espainia) gazteak. Festaz festa ematen du uda osoa. Esan duenez, oraingoz harrera ona izan dute, gauean gehienbat. Ordu jendetsuenak hartu ditu hizpide: «18:00 inguruan, atzerritarrak etortzen dira afaltzera. Su festa hasi aurretik, berriz, bertokoak etortzen dira». Bisitatu dituen jaietatik, Bilbokoak iruditu zaizkio jendetsuenak, Bartzelonakoekin eta Gironakoekin (Katalunia) batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.