Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Barre maskulinoa

Xabier Lasa.
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Oilategia. Mikel Pagadizabal, Jon Iraola eta Anjel Alkain ganberroen irrati artefaktuak EIn historian nekez topa daiteke beste irratsaiorik hark lain oihartzuna lortu duenik, onerako ala txarrerako. Ezagutzen dut inguruan, zazpi urteko haur bat eskolatik irten eta irratsaioa entzuteko irrikan egoten dena; irratsaiorekiko monoa ez ezik, irrati zaletu egin zaigu (Tortolika-rekin ez bezala), eta ez da gutxi. Txetxu Urbieta, Joan Antonio Larrañaga, Julian Bereziartua, Jakoba Errekondo, Manu Maritxalar, Txomin Perurena, Antton Aranburu eta Dani Arizalaren imitazio irrigarriei (autentikoak baino autentikoago, sarri) Xabier Unanue (@bildua) gehitu zaie oraintsu. Dena ez da losintxa izango, baina. Gabezietako bat, generoarekin du zerikusia. Alegia, oso maskulinoa dela; non eta emakumearen ahotsa nagusi den irratian, hain zuzen. Asteko unerik onenen bilduma saioaren (larunbata, 15:00-16:00) aurkezle Kattalin Ansorena da ahots femenino bakarra. Hika jarduteko joera txalogarri hori, bestalde, asteko pertsonaiekin (Oinatz Bengoetxea, Iban Garate, Mikel Aranburu…) errespetatu bada ere, guztiz aldatu da erregistroa emakumeekin (Estitxu Fernandezekin gertatukoa da adibiderik argiena).

Betoa Tele5n. Tele5ko La Noria-k eta Jordi Gonzalez haren gidariak bi larunbatetan egin digute iruzur. Joan Antonio Abellan, Copeko El Tirachinas kirol saioko esatari ohia omen zuten gonbidatzekoa. Haren irudia eta adierazpen gordinen zatitxoren bat erabili zituzten amarru gisa, ni bezalako inozoak erakartzeko; «Cope-n edozein mertzenariok egin dezake lan» esaldia adi zitekeen, besteak beste, iragarkian. Esan beharrik ez iragarkia ohiko estilo sentsazionalistaz jantzirik aurkeztu zutela, etengabe bonbardatuz programazioan zehar. Azkenean, baina, betoa ezarri da goitik; Cope eta Ser katea larrutu ditzan eragotzi nahi izan da. Abellanek esku artean dituen auzi profesionalak ez dituztela pantailara eraman nahi, adierazi du Jordi Gonzalezek burua zuritu asmoz. Badu grazia, baduenez, argudio hori pertsonaia publikoen arteko epaitegietako ika-mikekin elikatzen den programa batek erabili izanak… Betoak beto, Cope, Ser katea, Abellan, Paco Gonzalez, Pepe D. Castaños eta Manolo Lama protagonista dituen xextrak aurrerantzean ere hainbat kapitulu jakingarri emango dizkigula aurreikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.