Ez zuen hiltzeko egunik onena aukeratu Gaddafi gaixoak, 2011ko urriaren 20a. Etorkizunean gurean egun horrekin gogoratuko dugun efemeridea izango da beste bat eta ez Libiako estatuburuaren hilketa. Patuak hala nahi izan du. Ez dut uste NATOren estrategia izan denik. Eta buruzagi libiarraren asasinatzea oin puntetan iragan bada ere, uste dut merezi duela gogoetatxo bat, hain izan dira zabaldutako irudiak kolpagarriak. Eta hemendik ozen salatu nahi dut ETAren ekintzen akabera xanpain aparretan ospatu eta Muammar Gaddafiren hilketa bozkarioz hartu duten horien jarrera ziniko totala.
Baina irudiez ari ginen. Astebete baino ez da pasatu, presente dugu Gaddafiren atxilotze-erailketak hartu dituen irudi sorta. Bortitza oso, gizaseme bat, edozein delarik ere, modu horretan akabatzen ikustea. Eta bortitza oso irudi horiek telebistan lasai ederrean pasieran ikustea. Kuriositateak eraman nau gaia telebista publiko batean nola landu beharko litzatekeen begiratzera.
TVEko estilo liburuan aurkitu dut erantzun posible bat —ETBk gisa horretako zer edo zer iragarri zuen, baina oraingoz ez dute ezer atera—. Gerra egoeretan, biktima eta suntsiketen irudiak material ezeroso direla onartuta, bereziki zaurgarriak diren irudiak eragotzi edo minimizatzea ohikoa dela gaztigatzen zaigu. Jarraian, profesionalek biktima guztien duintasunarekiko errespetua erakutsi behar dutela iradokitzen da, horrek gerraren errealitatea bere gordinean erakustea galarazi behar ez badu ere.
Baina ez dago, egia esan, estilo liburu baten beharrik hori guztiori usaindu eta azken egunotan Gaddafiren irudiekin egin dena seinalatzeko. Beharrezkoa al da Libiako buruzagiaren harrapaketa eta heriotzaren irudiak, informatibo berean, hiru aldiz pasatzea? Zer gehitzen dio horrek ematen den informazioari? Garai batean iragarri egiten zuten, behintzat, jarraian irudi gordinak zetozela —kasu, sentsibilitatea zauri dezakete—. Baselinarik gabe sartzen dizkizute egun.
Horiek horrela, zer pentsatuko zuten irudi horiek ikustean, zer dakit, Sarkozy eta Berlusconi estatuburuek? Lasai egin zuten lo? Haien kide bat, kideko bat, gisa horretan bukatzen ikusita, zer? Beren etorkizunaz pentsatu zuten? Beldur amiñi bat sentituko? Edo gure gizarte mendebalekoak otzanagoak dira askozaz eta benetako arriskurik ez dute?
Komunikazioa. Ekografiak
Baselinarik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu