Jaiak. Urretxu

Baserri giroaren gorazarrez

Euskal Jai Eguna ospatuko dute bihar Urretxun; herri bazkaria eta karrozen desfilea izango dira

Karroza bat Urretxuko Euskal Jai Egunean. URRETXUKO KULTUR ETXEA.
Ilargi Agirre.
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Baserritarrez jantzita aterako dira kalera bihar urretxuarrak, Euskal Jai Eguna ospatuko baita herrian. Eskulangile erakusketarekin hasiko dute eguna, 10:30ean, Gernikako Arbola plazan. Aurtengo gaia garia izango da. Garia jorratzeko beharrezkoa den materiala eramango dute gurdi eta lera baten gainean, kalejiran, herriko musikari eta dantzariekin, Pagoetatik Gernikako Arbola plazaraino. «Garai batean garia nola ereiten zen erakutsiko dute, bideo baten bidez», azaldu du Aitor Otegi Urretxuko Kultura zinegotziak.

Azoka abiatzearekin batera hasiko da euskal jaialdia ere. Txistulariak, dultzaineroak, dantzariak eta bertsolariak igoko dira oholtzara. Eguerdian, Aldiri kiroldegian, erraldoiak bilduko dira, eta, Iparragirre kalean, kantu saioa antolatu dute. Bentazaharreko Mutiko Alaiekin batera, Tuterako txaranga eta gaiteroak ariko dira. Gero, indarrak hartu eta festa giroan gogotsu jarraitzeko, herri bazkaria egingo dute, Ederrena pilotalekuan, 14:00etan.

Arratsaldean iritsiko da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena: karrozen desfilea, 17:30ean. Hamaika kuadrilla animatu dira aurten. «Polita da ikustea jende gaztea ateratzen dela. Uztailetik hasten dira karrozak egiten», dio Otegik. Ibilaldia hasi eta bi ordu ingurura emango du epaimahaiak irabazlearen berri .

Herriko txalapartarien eta Zuhaitzaren soinua kolektiboaren saioa izango da 18:30ean. Gauean, euskararen aldeko kandela piztea egingo dute, musikaren laguntzarekin, Zintzo Mintzo taldeak antolatuta. Euskaraz bizi nahi dut izeneko herri flashmob-aren entsegua antolatu dute, gerorako. Egan taldeak herritarrak dantzan jarrita bukatuko da Euskal Jaia.

Gaur ere, ekitaldi ugari

Bihar izango da egun handia, baina festak abiatu, lehengo astean abiatu ziren, eta gaur ere badago non aukeratua. Goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa, eta eguerdian, herriko bertso eskolako bertsolarien saioa izango da. 19:00etan, Herri Arteko XXIV. Folklore Jaialdian hainbat talde ikusi ahal izango dira. Urretxuko txistularien eta Laiotz taldearen kontzertuekin amaituko dute eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.