Itsasontziak, ontzigintza eta basoak. Hiru ardatz horiek izango dituzte Albaola itsas kultur erakundeak antolatu dituen jardunaldiek. Horien inguruan arituko dira datozen egunetan; gaur hasi eta larunbata bitartean, hain zuzen. Pasai San Pedron egingo dira ekitaldiak (Gipuzkoa), Ondartxo itsas kulturaren zentroan.
Gaur emango die hasiera jardunaldiei Xabier Agote Albaolako arduradunak. Itsasontzi tradizionalen arkitekturari buruz arituko da irekiera ekitaldian, 15:00etan. Zura eta ontzigintza gertutik ikusteko eta ezagutzeko aukera izango da.
Ostegunean jarraituko dute jardunaldiek, Oihanetik itsasora dokumentalaren aurkezpenarekin. 19:00etan izango da.
Basoetako zuhaitzak ontzigintzarako egur egokia eman zezaten lan egiten zen garaiaz arituko dira ostiralean. Basoen historiaren eta teknikaren gaineko ezohiko ikuspegia emango dute Jakoba Errekondok, Albaro Aragonek eta Mikel Leozek ostiralean egingo den hitzaldi eta mahai-inguruan. Ipinabarra, historia eta teknika izenburupean izango da, 19:00etan.
Ekitaldi berezia prestatu dute, berriz, jardunaldien amaierarako: Itsas ondarea bertsoz bertso. Ondartxoko gidariak bertan gordetako ontzien historia eta istorioak kontatuko ditu larunbatean, 12:00etan. Eta gidariak kontatzen duena aintzat hartuta, bertsoak kantatuko dituzte Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariek. Toki kopurua mugatua denez, aurretik erreserbatu behar da, [email protected] helbidean edota (0034) 943- 39 24 26 telefonoan.
Basoak eta itsasoa hizpide Pasaiako jardunaldietan
Ontzien historia eta istorioak kontatuko dituzte bertsoen bidez Amets Arzallusek eta Jon Maiak larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu