Familiako kide bat gehiago, ez dira betiko garai onenak telebistarentzat. Tira, familiarentzat ere ez, baina telebistaz ari gara orain. Zabor zaku, kutxa ergel, giza miserien erakusleiho, alienazio makina, kirolzaleen paradisu, orotariko pertsonaia ezin afrusagoen bilduma. Esaten da pasibo egiten gaituela, tenteldu, urre den denbora galarazi. Esaten da bi gaur egun geratzen zaizkiola. Esaten da Internetek egingo duela harena, etorri datorren ikusle buruaskiak. Baina tarteka argitaratzen da inkestaren bat, esanez gero eta ordu gehiago ematen ditugula telebista ikusten.
Luze gabe, 240 minutu eguneko inguruotan, lau ordu —bataz bestekoa hori bada, zenbat ematen ditu media igotzen duenak? Eta, garrantzitsuagoa, nondik ateratzen ditu egunero hainbeste ordu?—.
Garai batean inbidiatzen nituen koplarik gabe telebista aparatua etxetik kanporatzen zuten lagunak. «Ze ausartak; ahalko banu...», pentsatzen nuen. Orain ez, ikasi dut ezin ordainduzko laguntza soziala dela, ondokoarekin zer hitz egin ez daukazunean, neurona konexioak stand by sakonagoan nahi izanez gero, biharamunerako lan garrantzitsu bat egin behar denetan. Quim Monzo idazleak, adibidez, telebista uneoro piztuaren aurrean idazten zuen. Gainera, zer demonio, denborarekin, konbentzitu naiz telebista ez dela berez txarra. Guraizeak zer dira berez? Segun, obra batzuetako zinta apain askoa mozteko erabiltzen dituzun, edo bizilagun konpongaitzari aberia txiki bat egiteko.
Beti izan naiz, endemas, telebista ikusle. Asko ikusi izan dut, tarteka gustura, marteka gusturago. Hori da nire jakinduria guztia eta jakinduria horrekin agertzen naiz leiho honetara. Ez komunikazio zientzietako titulurik, ez, deabruak guarda, kazetaritzakorik; telebista ikusle gisa aurkezten dut hemen neure burua. Ezein enpresatako akziorik gabe, inolako interes korporatibistengandik libre, ez dut Goenkale-ko aktore izateko esperantzarik ere —gero eta gazteagoak erreklutatzen dituzte—. Telebista ikusle soil, subjektibo, indibidual, telebista ahalik eta begi garbienekin begiratzea da asmoa, makarra batzuk gorabehera. Jakinik, guraizeak bezala, izan daitekeela zerbait ona edo txarra, edo justu kontrakoa. Eta, Internet gorabehera, telebista hor dagoelako eta hortxe jarraituko duelako, familiako kide bat gehiago, etxeko lekurik txukunenean beti.
Komunikazioa. Ekografiak
Bat gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu