Batelean kulturan nabigatzen

Ur Ikara elkarteak 30. Teink txapelketa antolatu du. Uztailaren 29an atera ziren Bilboko Itsas Museotik, eta gaur helduko dira helmugara, Donibane Lohizunera.

Teink txapelketako batelak, Pasaian, artxiboko irudi batean. J. C. RUIZ / FOKU.
Naroa Rios
Orio
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Teink txapelketako batelak ez ziren uretatik iritsi Oriora (Gipuzkoa) herenegun. Kamioi eta trailerretan pasatu zuten herria, Pasaiara bidean (Gipuzkoa). Teink txapelketako parte hartzaileak Oriora iritsi ziren, bateletan ez baizik kamioi eta furgonetetan. Ezin izan ziren uretaratu, itsaso txarraren eraginez. Nekea eta gosea sumatzen zen bazkaria banatzen zuen ilararen inguruan. Orioko kiroldegia batelariz beteta zegoen. Izan ere, bertan bazkaldu eta lo egin zuten. Atzo, Pasaiaraino jarraitu behar zuten, baina berriz ere kamioi eta furgonetetan, ezbateletan.

Batelen lehiaketa bat da Teink. Txapelketaren 30. urteurrena ospatzen ari dira, eta, ohiko sei egunak egin beharrean, zortzi egingo dituzte. Uztailaren 29an hasi zen, Bilboko Itsas Museotik, eta gaur bukatuko da, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Euskal Herriko hamazortzi portutan gelditu dira bidean.

Aurten inoiz baino partaidetza handiagoa izan du Donibane Lohizuneko Ur Ikara elkarteak antolatzen duen txapelketak:25 batel eta 75 parte hartzaile dira.

Aurten, gainera, aurreko urteetan baino emakume gehiago parte hartzen ari dira: bost batel daude emakumez osatuta. Elorri Aril Elizaguren da emakumez osatutako batel bateko batelaria. «Polita da emakume gehiago ikustea horrelako kiroletan eta horrelako espazioak betetzen».

Txapelketaren berezitasuna nabigatzeko erabiltzen duten ontzietan dago: batelak.5-6 metroko itsasontziak dira, eta bakoitzean hiru batelari joaten dira. Ontzi horri modu askotan esaten zaio, tokian-tokian: batteliku, batteleku, battela, battel edo batela ere bai. Hasieran egurrezkoak ziren, eta arrantzarako erabiltzen ziren, belaz eta arraunez maniobratuta, baina pixkanaka galduz joan ziren XX. mendearen erdialdean.

1992an, lau lagunek (Philippe Martiarena, Alexandre Dunoyer, Pascal Hariscain-Lafitte eta Pettan Lacour) euskal kostaldea arraunean zeharkatzea erabaki zuten. Horretarako, batel bat eraiki zuten: Teink.

Lau lagunak 1993an abiatu ziren abenturara Teink ontzian, eta Hondarribia, Pasaia, Donostia, Getariaeta beste hainbat portutara iritsi ziren. Donibane Lohizunera itzuli zirenean, bizi izan zuten abenturak motibatuta, Ur Ikara elkartea sortu zuten, lehenengo Teink txapelketa antolatzeko, hurrengo urtean.

«Batelak pertsona gehiagorengana ailegatzea lortu dugu», uste du Gorka Arizagak, Teink txapelketan hiru aldiz parte hartu duen batelariak. Arizagaren arabera, batelei buruz gehiago hitz egiteaz gain, batel gehiago eraikitzea ere lortu dute elkartekoek.

«Etxera bueltatzerakoan egingo dudan lehenengo gauza nire alabari musu bat ematea da», adierazi zuen Asier Agirrek, batel misto bakarreko batelariak. Aurten lehen aldiz parte hartu du txapelketan, eta oso esperientzia polita dela ziurtatu du.

Bi etapa, bertan behera

Aurtengo Teink txapelketa berezia da, alde batetik, urteurrenagatik; bestetik, eguraldi eta itsaso txarragatik. Bertan behera geratu ziren bi etapa: Mutriku eta Orio artekoa, eta Orio eta Pasaia artekoa. «30 urtean ez da halakorik pasatu; txapelketa osoa bateletan egiteko aukera izan dugu beti», zehaztu zuen Jon Frahier parte hartzaileak.

Izenez, txapelketa da Teink, baina ez txapelketa hutsa: «Ez da itsasoko txapelketa bat, baizik Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko ahaidetasun gune bat, nonkultura, tradizioak eta itsasoa maite ditugunok bat egiten dugun». Hala deskribatu du Frahierrek. Parte hartzen duen laugarren aldia da; hurrengo urtean ere bertan izango da. «Esperientzia zoragarria da Kantauri itsasoa nabigatzea eta Euskal Herriko Hegoaldeko eta Iparraldeko kostalde osoa zeharkatzea. Gainera, euskara lokarritzat hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.