Piarres Larzabal kolegioko ikasleek Gazte Batukada sortu berri dute, dantza eta perkusioak elkartuz. Proiektuak helmuga Donibane Ziburuko inauterietan izanen du, arratsaldean Ziburutik Donibanera eginen den desfilean. Parte hartzea kolegioko ikasle guztiei irekia baina ez behartua izanik, 64 ikasle bildu dira Gazte Batukadan. Kolegioko animatzaile Maritxu Duperouk esan duenez, jada urteak dira urtero gai baten inguruko proiektu bat sortzen dutela. «Iaz, esate baterako, K'art proiektua egin genuen, karrikako artea landu nahian».
Astean bitan egiten dituzte entseguak, batetik dantzak eta bestetik perkusioak landuz. Baina laster elkartuko dira, talde bakarra osatzea baita asmoa. Izan ere, dantzak eta perkusioak elkarrekin doitu beharko dute. Desfileko momentu guztiak ere kontuan hartu dituzte dantza eta erritmoak sortzeko orduan; «batzuetan ibiltzen izanen gara; beste batzuetan, ez. Erritmo bat, geldirik egoteko prestatu dugu; beste bi edo hiru, ibiliz egiteko», azaldu du animatzaileak.
Ideia hori nolatan bururatu zaien galdetzean, Duperouk erantzun du musika estilo hori biziki gogoko duela berak, eta ikasleek ere bai. «Maiz mahaia joka ikusten ditugu eskola garaian, erritmo bat ezarriz. Urduritasunak eraginda edota kantu bat sartu zaielako buruan. Hortik abiatu da ideia». Hala, Ortzi Hegoaz kolegioko ikasle ohi eta zenbait musika taldetan aritutakoari dei egin diote entseguak eman ditzan. Dantzako entseguak emateko, berriz, Jose Casebaun aritzen da, dantzaria eta sorkuntza ugaritan aritutakoa.
Azarotik abian
Proiektua azaro bukaeratik aitzina abiatzekoa zenez, azaroko hilabetean musika tresnak egiteko tailer bat antolatu zuten kolegioan. Bidoiak harturik, batzuk moztu eta barnetik kartoia ezarri diete; beste batzuk, berriz, moztu gabe, apaindu dituzte, eta bakoitzak berea egin. «Bidoiekin musika tresnak egiten hasi ginelarik, pentsatzen hasi ginen zer soinu aterako zen hortik... Gainera, makila batekin jotzen dute... Eta, azkenean, bikain, harrabotsa ongi ateratzen da, eta aitzinean bi egiazko danborrekin bi ikaslek erritmoa ematen dute; beraz, dena ongi», dio Duperouk. Dantzariak maskarak egiten aritu ziren garai berean. Horrela, bakoitzak sortutakoarekin joanen dira inauterietara, objektu fisiko bat sorturik, eta oroitzapen bat izateko parada ere izanen dute aldi berean.
Bada beste aldagai bat ere biziki positiboki baloratzeko modukoa egitasmo honetan. Izan ere, maila eta herri batekoeta besteko ikasleei elkar ezagutzeko aukera ematen die proiektuak. «Haurrak haien artean biziki goxatzen dira; konfiantza giro bat sortzen da. Gainera, denen artean zerbait partekatzen dute. Egun, jada, hein batean galdu den zerbait dela uste dut, eta biziki inportantea da», dio Duperouk.
Ikasleak, euren aldetik, arras kontent agertu dira proiektu honetan parte hartzen ari direla eta. Gainera, kolegioan zerbait egiteaz gain, herriko bizitzan parte hartzeko parada ederra izanen dute. Hala, bada, gazteei inauterietan parte hartzeko gustua emanen zaie eta ikastolatik kanpo euskaraz aritzeko aukera sortuko da. Duperouren iduriko, «orain espero dugu dena ongi aterako dela eta eguzkia izanen dugula!».
Batukada inauterietarako
Piarres Larzabal kolegioko ikasleek batukada taldea osatua dute joan den azarotik, dantza eta perkusioak batuz. Kolegioan sorturikoa karrikara ateratzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu