Larunbatean sinatuko dute bazka larreen bakea Zeanuri eta Ubideko udalek (Bizkaia). Horrez gain, Larreen Mankomunitatearen VI. Zeharkaldia ere egingo dute. Aurtengoan, Zeanuriko plazatik abiatuta, 10:00etan. Hamabi kilometro inguru, eta bi ordu eta erdiko ibilaldia izango da, erritmo lasaian.
Behin helmugara iritsita, bi herritako zinegotziek batzarra egingo dute Ubideko udaletxean, eta urte horretan udalerri bakoitzean izena eman duten abelburuen zenbakiak azalduko dituzte. Amaitutakoan, bilera agiria sinatu, eta bazkaria egingo dute bi herrietako herritarrek, urtero bezala.
Zeharkaldia egin nahi duten ubidearrentzat autobusa jarriko dute Zeanuriko abiapuntura joateko, 09:00etan herriko plazan. Zeanurira itzultzeko autobusa, berriz, 13:30ean izango da.
Duela ehun urte baino lehenagotik egiten dute bilera bi herriek, mendeetan zehar elkarren artean izandako gorabeherei amaiera emateko.
Aurten seigarren aldiz egingo dute zeharkaldia. Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai eta Ubideko Amexier eta Ortuzar elkarteak dira antolatzaileak. Herri batetik bestera joateko garai batean Gasteiz eta Bilbo lotzen zituen Erdi Aroko galtzada zeharkatuko dute. Oinezko martxaren bidez, batetik, urtero egiten den bilera ezagutzera eman nahi dute. Bestetik, ibilbidea egiten dutenei inguruaz gozatu eta galtzada ezagutzeko aukera eman nahi diete. Azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko harremanak sendotu nahi dituzte.
Urtero txandatzen dute bilera egiten duten lekua. Aurten Ubiden egitea egokitzen denez, bazkaria ordaintzea ere eurei dagokie. Hurrengoan, alderantziz izango da.
Asteburuko proposamenak
Bazka larreen bakea sinatuko dute etzi
Zeanuri eta Ubideren arteko zeharkaldia egingo dute, eta urteroko batzarra eta bazkaria ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu