Baztango koloreekin jolasean

Ana Mari Marinek egunero zortzi-hamar ordu egiten ditu margotzen; Elizondoko Vergarenea etxeko lehen soilaruan udaro irekitzen du erakusketa.

Ana Mari Marin artista, etxeko erakusketako margolan bat atzean duela. JABOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS.
Elizondo
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Elizondon bizi da Ana Mari Marin; Vergarenea etxeko lehen solairuan zabaldu berri du udaro jartzen duen margo erakusketa. Uda joan uda etorri, 41 urte daramatza erakusketak zabaltzen. Urtero irekiera festa egiten du, eta etxea jendez mukuru betetzen da. Aurten ez du horrelakorik egin. Ahizpa hil berria du, eta bera auto istripu batetik osatzen ari da. Bi belaunak hautsi zituen. «Ez dut festarako gogorik», dio.

Ana Maria Marin (Elizondo, 1933) saltsa askotako emakumea da, baina, batez ere, pintorea. Baztango politikan parte hartu duen emakumea ere bada: zinegotzi eta alkate izana da. Jorge Oteizaren lagun, eta Mentxu Galen adiskide. 78 urte bete ditu, baina egunero zortzi-hamar ordu egiten ditu margotzen, eta lan horren lekuko dira abuztuan eta irailean Vergarenea etxean ikus daitezkeen margoak. 38 olio eta 22 urmargo eskegi ditu paretetan. Guztietan ere kolore biziak eta Baztango paisaiak eta herriak dira nagusi: Elbete, Irurita, Lekarotz, Amaiur... Euskal kostaldeak ere badu tokia haren lanean, baita Ituren eta Zubietako joaldunek ere. Egindako bidaietan margotutako lanak ere ageri dira, tartean Errusiako San Petersburgo hiria. Erakusketa goizez eta arratsadez ikus daiteke, egunero.

Joan den ilbeltzean izan zuen auto istriputik oraindik erabat osatu gabe dagoen arren, hitz egiteko gogoz hartzen du Marinek bisitaria. Donostian bizi zen amonari oparitzeko egin zuen lehen koadroa, txikitan. Horrek haurtzaroko oroitzapenetara eraman du, aita errepublikarra izateagatik bizi behar izan zuten erbeste garaietara. Baina ez du iraganaz mintzatu nahi, lanaz baizik. Adinean aurrera doan arren, indarra eta kemena ez zaizkio falta. Oso goiz jaikitzen da, seiak aldera, eta Amaiurko erretorearen etxean duen lantokira joaten da. «Toki lasaia behar dut lan egiteko. Margotzen hasten naiz, baina margotzen jartzeak esan nahi du egon naitekeela ordu bat eta erdi zer egin behar dudan pentsatzen. Lantokitik kanpo hasten dudana lantokian bukatzen dut». Koadroari asko begiratu behar zaiola dio Marinek, eta zer egin pentsatu. Udazkenean prestatzen ditu koadroak. «Beti falta zaio zerbait. Oteizari zerbaitetan ez diot kasurik egin: «Jarri beharrean, kendu», esaten zidan beti, eta ez dut hori egiten. Ez dut hori ulertzen».

Erakusketan jarri dituen lanak duela gutxi bukatu ditu, baina udan ere ez da geldirik egoten. Orain berean hasiak ditu 60 bat artelan. «Formak emanda, zikinduak, marraztuak». Kanpoan, paisaiaren aurrean lan egitea gustatzen zaio, baina hori batzuetan ezinezkoa da. «Euria egiten badu etxean gelditu behar dut, eta hasiak ditudan lanekin jarraitu». Koadroen koloreak barrutik ateratzen zaizkiola dio. «Belatsean zaude, begira, eta hainbeste kolore ikusten dituzu, eta paisaiak berak jarraitzeko akuilua ematen dizu. Ezin diozu pintatzeari utzi». Istripua dela eta, oraindik ezin du zutik denbora luzez egon eta kanpoan margotu. Halere, margotzeko gogo biziarekin jarraitzen du. Orain pintatzen ari den lanak «indartsuagoak» omen dira. «Koloreak biziagoak dira» .

Lagunak etorri zaizkio Marineri bisitan, eta agur gozo batekin utzi gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.