BBC World Service nazioarteko irrati kateko Sarah Rainsford kazetaria duela urtebete Euskal Herrira etorri zen, hainbat elkarrizketa egitera. Urtebete pasatu da, eta orain helburu berarekin iritsi da, baina, Rainsfordek aitortu duenez, «egoera politikoa bestelakoa da orain». Gernikako Akordioa, ETAren su-etena, Sortu alderdiaren aurkezpena eta beste hainbat gertaera izan dira Rainsford Euskal Herrira heldu zen aurreneko alditik.
Azken urtean Madrilen dago kazetari britainiarra, eta komunikabideen bitartez ari da aztertzen Euskal Herrian gertatzen ari dena. «BBC Radiorako hainbat erreportaje egin behar ditut, eta, horretarako, lau egun egingo ditut hemen», azaldu du Martin Ugalde kultur parkera egindako bisitan. Bertan, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria elkarrizketatu zuen atzo. Datozen egunetan, berriz, Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Ramon Etxezarreta PSEko kidea eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkaria elkarrizketatuko ditu BBCko kazetariak.
Herenegun Brian Currinekin hitz egin zuen Rainsfordek. «Prozesuak atzerakorik ez duela esan dit Currinek, ezker abertzaleak bide politikoetatik jarraituko duela. Ez dagoela atzerako bueltarik».
Prozesuaz Madrilgo herritarrekin hitz egin du BBCko kazetariak, eta batzuek diote «su-etena tranpa» dela. Euskal Herrian, aldiz, jendeak bestelako iritzia duela sumatu du. «Hori ere ikusi nahi dut, ea euskal herritarrek egoera nola ikusten duten».
Datozen egunetan BBC World Service irratiko albisteetan entzun ahalko dira Otamendi, Urkullu, Etxezarreta eta Etxeberriaren hitzak. Larunbatean eta astelehenean bai behintzat. Eta aurrerago erreportaje luzeago bat emango dute.
Manifestaziotik zuzenean
Sarah Rainsford Bilbon izango da larunbatean, Bakerantz, legalizazioa lelopean egingo den manifestazioan. BBC Radiorako zuzenean emango du manifestazioan gertatzen denaren berri. Zuzeneko emanaldi hori mundu osoan entzun ahalko da, BBC World Service munduko herrialde guztietan entzuten baita. Internet bidez ere entzun ahalko da, www.bbc.co.uk/radio helbidean.
Komunikazioa
BBC Radio Euskal Herriko egoera politikoaz ariko da datozen egunetan
Martxelo Otamendi, Iñigo Urkullu, Ramon Etxezarreta eta Rufi Etxeberria elkarrizketatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu