Motza izan da Caja Castilla-La Mancha eskuratzeko lehia. Hiru proposamen zituen mahai gainean Espainiako Bankuak, eta zein hobetsi erabakitzeko egun pare bat aski izan du. Cajasturrek egindakoa gustatu zaio, «hark betetzen dituelako ongien sendotasun irizpideak eta arrazoi ekonomiko eta finantzakooak; gainera, ez du inolako kosturik altxor publikoarentzat». BBK-k, beraz, ez du CCM eskuratzerik izango.
Espainiako Gobernuak bereganatu behar izan zuen Gaztela-Mantxako kutxa, haren egoera kaskarraren ondorioz. Etorkizunerako Espainiako Bankuak absortzio bidezko fusioa nahi zuen CCMrentzat. Bizkaiko kutxak bestelako proposamen bat egin zuen, ordea, gisa horretako bat egiteak ez zuelako ziurtatzen erakunde berria BBK-k kontrolatzea. CCMren aktibo eta pasiboak Arcara aldatu nahi zuen, BBK-k Ipar Euskal Herrian duen banku txikira hain zuzen.
Antzeko zerbait proposatu du Cajasturrek ere. Liberta menpeko bankuak xurgatuko ditu CCMren aktibo eta pasiboak, eta trukean hark Libertaren %25 eskuratuko du. Integrazio partzial bat izango da, beraz. Cajasturrek baieztatu du CCMren independentzia mantenduko duela, bai gobernu organoen eraketari dagokionez eta bai haren jatorrizko inguruaren errespetuari dagokionez ere. Hala, Banco Libertak Gaztela-Mantxan edukiko du egoitza.Asturiasko aurrezkikutxaren eta CCMren batzar nagusiek proiektuari oniritzia ematea soilik falta da orain.
Ostiralean eman zion Administrazio Kontseiluak oniritziaBBKri CCMren alde lehia egiteko. Ez zeuden denak horrekin ados, ordea. LABek «erabat aurka» zegoela adierazi zuen. BBKren kaudimen maila arriskuan egongo zela azaldu zuen. Horrez gain, bat egin ostean bezero askok dirua ateratzeko arriskua ikusten zuen,euskal kutxa baten esku geratzea ez zutelako begi onez ikusiko bezero askok.
BBK ez da CCMz jabetuko, Espainiako Bankuak Cajasturri eman baitio
Asturiasko kutxaren eskaintzak «sendotasun irizpideak hobeto» betetzen dituela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu