MARIDJAIA. Oihana Bartra. Bertsolaria

«Bederatzi egunen ondoren, hilda bukatzen dut»

Bilboko Aste Nagusia Altxaporrue konpartsako kide eta bertsolari moduan bizi du Bartrak. Ez du inoiz Bilboko jairik galdu, eta astean zehar «dezente» ateratzen da parrandan.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Beste askok egindakoa errepikatu du Oihana Bartrak (Bilbo, 1984)Aste Nagusirako lau kantak aukeratzean. Argi dago Marijaiaren abestiak garrantzi sinboliko handia duela, elkarrizketatu askok hautatu baitute. Lehen aukera gisa, gainera. Bartrak euskarazko beste bi abesti eta ingelesezko bat aipatu ditu.

Euskarazko bi abestiek lotura zuzena dute Bilboko konpartsekin: Kaskagorri konpartsaren abestia eta Sagarroi taldeak 2002. urtean sortutako Topa! abestia, konpartsa guztien omenez eginikoa. Bartra Altxaporrue konpartsako kide da egun, eta konpartsa horretan askotan dantzatzen eta abesten dutelako hautatu du Aretha Franklin kantari iparramerikarraren Freedom abestia. Halere, Altxaporruen egon aurretik, Kaskagorrin ere ibili zen, eta hango oroitzapen ederrak ekartzen dizkio Kaskagorriren abestiak.

Izan ere, bertsolariak aitortu du Aste Nagusia «oso garrantzitsua» dela beretzat. Konpartsetako kide izanik, ez du inoiz Aste Nagusirik galdu: «Konpartsakide garenok oporrak Aste Nagusiaren arabera hartzen ditugu, txosna muntatu etadesmuntatu behar dela kontuan hartuta». Egunero egoten da festa giroan, eguna edo gaua izan: «Egunero ateratzen naiz, parrandan agian ez, baina konpartsan egunero izaten dugu bazkaria. Hortaz, bazkaritik hasita, gorputzak aguantatzen duena», esan du Bartrak. Hori bai, beti ez da goizaldera arte egoten: «Batzuetan, gehiago, eta, besteetan, gutxiago».

Baina hurrengo egunean bertso saio batean parte hartu behar baldin badu? «Saioaren arabera. Aurten, lau bertso saio izango ditut Aste Nagusi osoan. Hasten banaiz esaten ez naizela aterako hurrengo egunean bertso saioa dudalako...», esan du purrustada batekin. Aste Nagusian egunero Done Jakue plazan egiten den saioari «serioagoa» deritzo, eta saiatzen da horretara pixka bat «formalago» iristen. Beste saioetan aurretik abisatzen du, ordea: «Nik esaten diet baietz, banoala, baina ez dakidala nola agertuko naizen», azaldu du, barrez.

«Esker oneko» ikusleak

Haren irudiko, Aste Nagusian Done Jakue plazan egiten den bertso saioa «berezia» da. «Niri asko gustatzen zait saio hori. Oso giro ona egoten da, eta sekulako gozamena da hor kantatzea». Hango ikusleak «oso esker onekoak» iruditzen zaizkio Bartrari. Aurten, Aste Nagusiko lehen igandean aritu da, Aitor Sarriegi, Fredi Paia eta Sustrai Colina bertsolariekin.

Bartrak aitortu du parranda asko gustatzen zaiola. «Aste Nagusian ez dago parrandazale izan beste aukerarik». Parranda hoberenak txosnagunean egiten ditu beti. Ez bere konpartsaren txosnan bakarrik, Altxaporruen; beste askotan ere bai. Kontzertuei, gainera, ez die arreta berezirik jartzen: «Normalean ez naiz mugitzen kontzertu bat edo bestea dagoelako. Gauden tokitik hurbil baten bat baldin badago, baliteke joatea, baina besterik gabe».

Hori bai, jaietan bederatzi egun pasatu ondoren «hilda» bukatzen duela aitortu du: «Ikerketa zientifiko bat egin beharko lukete, jakiteko nola den posible hainbeste irautea; ez da normala», adierazi du, barre artean. «Asteburu normal batean ezin ditut bi parranda jarraian egin. Aste Nagusian zerbait dago airean, ez dakit...». Okerrena jaiak bukatu ondoren txosna desmuntatu behar izatea da: «Sufrikarioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.