2014an 16 bide erakusle hil zituen elur-jausia gertatu zen Everesten, eta iaz Nepalen 9.000 hildako eragin zituen lurrikara. Ordudanik ez zen mendizalerik igo Everestera, eta herenegun igo ziren aurrenekoak: bederatzi xerpa. Gyazen Dorjee Sherpa, Ang Pemba Sherpa, Nima Tshering Sherpa, Pasang Tenzing Sherpa, Mingma Sherpa, Mingma Chhiri, Ang Gyalzen eta Lhakpa Tshering Sherpa. Atzo igo ziren hiru atzerritarrei eta atzetik etorriko den saldoari bidea prestatzeko igo ziren gailurrera bederatzi xerpak. Prest utzi zituzten sokak eta gainerako materialak.
Atzo igo ziren aurreneko atzerritarrak: mexikar bat eta bi britainiar. Kenton Cool (42 urte) eta Robert Lucas (53 urte) britainiarrak izan ziren igotzen aurrenak. Nepalen 08:15 zirela iritsi ziren tontorrera, bi xerpen laguntzarekin. Cool Everestera igotzen den 12. aldia da. Ordu laurden geroago iritsi zen David Liaño Gonzalez 36 urteko mexikarra. Hura izan zen Everest iparraldetik ta hegoaldetik urte berean eskalatu zuen aurreneko mendizalea, 2013an. Everestera igotzen den seigarren aldia du, eta xerpa baten laguntza izan du.
Aurten Everestera igotzeko 34 expediziok daukate baimena; 290 mendizalek bai, behintzat. Laurehun laguntzaile izatea aurreikusten da.