F ilosofiaren oihartzun handiegia izan dezake esango dudanak, agian, baina egia da. Munduan duzun kokapena ezagutzen laguntzen du hegaztien behaketak. Zure gainetik zikoina bat hegan ikusten duzunean Norvegiatik abiatu dela konturatu eta Saharaz hegoaldeko Afrikan pausatuko dela ohartuz gero, ezberdin ikusiko dugu hegazti hori». Juan Goñiren hitzak dira, Nafarroan ospatzen ari diren II. Hegaztien Jardunaldien antolatzaileetariko batenak. Eta hain zuzen ere, aipatzen duen filosofia hori sustatzea da ekimenaren helburu nagusia: hegaztien garrantzia aldarrikatzea, eta haien behaketaren balio turistikoak nabarmendu eta bultzatzea. Dioenez, hegaztiak behatzeko Europako gune onenetariko bat da Euskal Herrikoa. Nafarroakoa, bereziki. «Hiru klima ezberdin daude, eta oso handia da beha daitezkeen hegaztien kopurua. Gainera, gure Pirinioetatik pasatzen da hegaztien migrazio bide garrantzitsuenetariko bat ere, eta migrazio garaia da oraingoa». Garai eta leku ederra, beraz, begiak zeruan jarrita ibiltzeko. «Altxorra da hemen daukaguna».
Hiru gunetan antolatu dituzte jardunaldiak Nafarroan, hiru asteburutan. Aurrekoan hasi ziren ekitaldiak, Etxalarren, eta hurrengo bi asteburuetan izango dute segida. Auritzen izango dira ostiraletik larunbatera, eta Bertizko Natur Parkean, berriz, hurrengo asteburuan. Hegaztiei eginiko argazki erakusketak izango dira denetan, eta baita haiei buruzko hitzaldi eta tailerrak ere. «Dibulgazioa da gure helburu nagusia», azaldu du Goñik, eta asmo horren arabera antolatu dituzte jardunaldiak, dioenez. «Nahikoa da naturarekiko sentiberatasun bat izan eta hegaztiekiko interesa izatea, antolatu ditugun ekintzekin gozatu ahal izateko».
Hegaztien migrazioari buruzko film baten proiekzioa eta argazki erakusketa izango dituzte ostiralean Auritzen, eta behaketa gidatuak eta hitzaldiak larunbatean eta igandean. Lindusko kaskora joango dira igandean behaketak egitera. Hegazti migratzaileak behatzeko munduko lehen hiru guneen artean dago hori, Goñik azaltzen duenez, eta prismatiko eta teleskopioak jarriko dituzte bertaratzen direnen eskura. «Iaz, 24.000 hegazti kontatu zituzten han, eta bertan geratzen ari diren hegaztien inguruko proiektua izango da ekitaldi gehienen ardatza».
Migrazioaren epika
Basoek hegaztientzat duten garrantzia azpimarratuko dute hurrengo asteburuan Bertizen, eta haurrak izango dira protagonista nagusiak, haiei eskainitakoak izango baitira ekitaldietariko asko. Joaquin Araujo naturalista entzutetsuaren hitzaldia ere izango da, bestalde, larunbatean, eta ibilaldi bat ere gidatuko du igandean.
Behaketaren edertasuna indartzen du jakintzak, Goñik dioenez. «Urtez urteko biziraupenerako borroka da hegaztiena. Eta hori behatzea ederra da berez, baina are ederragoa oraindik behatzen duzunari buruz gehixeago jakinez gero. Beti du ukitu epiko bat hegaztien migrazioak». Eta hori da jardunaldien bidez jendeari helarazi nahi diotena.
Egitarau osoa www.navarraalnatural.com orrialdean dago.
Begiak zeruan jarrita
Migrazio garaian, hegaztiak behatzeko toki aproposa da Nafarroa; hori aprobetxatuta, Hegaztien Jardunaldiak egiten ari dira Etxalarren, Auritzen eta Bertizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu