Oso dotore eta txukun jantzita joanagatik, lepotik gora guztiok biluzik ibiltzen gara kaletik. Aurpegiak etengabe salatzen gaitu. Horixe dio Belen Altunak (1969, Zarautz, Gipuzkoa) Una historia moral del rostro (Aurpegiaren moralaren historia) liburuan. Filosofiako doktore eta EHUko Filosofia Fakultateko irakasle da Altuna. Antiqua jardunaldiak egiten ari dira Donostian, Koldo Mitxelenan, iraganaren inguruan, eta atzo hitzaldia eman zuen, fisionomia eta greziar gizartea ardatz hartuta.
Zer da fisionomia?
Pertsona baten aurrean gaudenean, haren aurpegiari erreparatu eta informazio asko jasotzen dugu. Berehala nabaritzen ditugu haren emozioak; urduri dagoen edo lasai, alai edo triste... Parez pare dugun pertsona ezezaguna bada, nortasunari buruzko ondorioak ere ateratzen ditugu itxura hutsarekin bakarrik: honek pertsona zintzoaren aurpegia dauka edo horrek ez du ematen fidatzekoa! Eta horrelakoak. Hori guztiok egiten dugu ohartu gabe, intuizioa erabiliz. Horretarako, metodo zientifikoa baliatzea da historian zehar fisionomia deitu izan zaiona. Itxura fisikoaren bidez gure arima nolakoa zen asmatu nahi izan zuten.
Aristoteles izan zen fisionomiaren sortzailea.
Ez dago hain argi. Fisionomia aspaldidanik existitzen da. Ez bakarrik Mendebaldean; Txinan eta kultura arabiarrean ere bai. Gaiaren inguruan gorde den testurik zaharrena Kristo aurreko III. mendekoa da: Fisionomika izeneko liburua. Ez da Aristotelesena berarena, Aristoteles K.a. IV. mendekoa baita, baina bai haren jarraitzaile batena. Aristotelesen ideiak idatzi zituen ondorengo horrek.
Zeintzuk ziren zientzia horren oinarri nagusiak?
Aristotelesentzat erdibidean zegoen beti onena. Zuzentasuna erdikoa zen. Estetikan edertasuna neurria zela esaten zuen, eta simetria eta harmonia ere lotuta zihoazen. Alegia, begi handiegiak eta txikiegiak ez dituena edo ilea kizkurregia eta lisoegia ez duena da izatez ederra; neurrian dago gakoa. Liburuan, Aristotelesen jarraitzaileak dio erdibideko gorpuzkera eta aurpegia dituena dela pertsonarik zintzoena. Haien ustetan, ederrenak ziren pertsonek zuten izaerarik bertutetsuena.
Zein teknika erabiltzen zituzten?
Metodo zoologikoa zen bat. Bitxia da animaliekin nolako konparazioak egiten zituzten. Lehoia, adibidez, animalia indartsu eta ausarta zela pentsatzen zuten. Hala, lehoi itxurako gizonezkoa, beso eta hanka sendoak eta ile gorria dituena, ausarta izango litzateke. Koldarrek, aldiz, gorputz eskasa izaten dute, eta aurpegi ezberdinak maiz jartzen dituzte. Idiaren tankerako pertsonek kopeta handia dute. Jakinduria gutxi dute horiek; adimen eskasekoak dira.
Nondik dator fisionomia hitza?
Fisiz hitzetik dator. Fisiz hitzak natura esan nahi du, eta nomon-ek, ezagutu. Natura ezagutzen hasi ziren Grezian arlo guztietan; zientzia ugarik han baitute jatorria. Unibertso osoa mugitzen duten indarrak eta gure gorputzak lotuta zeudela pentsatzen zuten. Munduaren elementuak lau direnez, lau izaera bereizten zituzten, gainera. Aireak izaera odolbizia dakar, urak izaera flematikoa, suak izaera koleratsua eta lurrak izaera melankolikoa. Gure itxura ere lautan bana daiteke, beraz. Mendeetan iraun du ideia horrek.
Izaera bakarrik ez, etorkizuna ere asmatzen zuten batzuek aurpegiarekin.
Sorgin edo aztiek, itxura fisikoaren arabera, jendearen patua irakurtzen zuten. Aurpegiari begiratu eta 'zu ez zara asko biziko!' botatzen zuten. Baina zientziatik at geratzen zen fenomenoa.
Greziarren garaitik bilakaera handia izango zuen gaur egunera arte fisionomiak.
Bai, dudarik gabe. Aristotelesek eta haren jarraitzaileek irekitako bidean Hipokrates medikuntzaren aitak ere eragin zuen. Hainbat autorek landu duten gai bat izan da gerora. Gaur egun, nolanahi ere, fisionomia sasi-zientzia gisa hartzen da, frogatu baita ez dagoela hain lotura zuzenik.
Izan ere, erabat zientifikoa izango balitz, geneek baldintzatuko lukete gure izaera.
Hala da. Aristotelesen eta Hipokratesen jarraitzaileek ziotenez, haur guztiak izaera jakin batekin jaiotzen dira. Izan daitezke beldurtiak, lotsatiak edo alaiak... Teoria hori gaur egungo terminologiara ekarrita, izaera hasieratik genetikoki datorkigula ondoriozta daiteke. Baina zenbateraino alda daiteke izaera hori testuinguruaren arabera? Bizitzaren baldintzek, familiak, gizarteak ere eragiten dute nortasunean.
Iragana ere irakur daiteke aurpegian orduan.
Pertsona heldu baten kasuan, bai. 30, 40, 50 urtetik aurrera pertsona batek merezi duen aurpegia duela esaten da askotan. Gure askatasuna erabilita, gure jokabideen araberako aurpegia eraikitzen dugu. Ideia hori izaera biologikoki determinatuta dagoela dioenaren aurkakoa da. Historian zehar, bi tesiak aldeztu dituzten autoreak egon izan dira.
Edertasunarekin liluratuta geratzen gara. Itsusiek ba al dute egitekorik horren aurrean?
Batzuen arabera, pertsona ona bazara, denborarekin aurpegian igarriko da; fidagarria zarela antzemango zaizu. Arima batez ere begietan islatzen da. Begirada da garrantzitsuena. Nahiz eta aurpegiz proportzionatua ez izan, zure begiradak adimena, samurtasuna, maitasuna adierazten badu, guztia edertzen da.
Egunerokoan maiz jartzen ditugu maskarak, hala ere. Zu une honetan elkarrizketatuaren maskarapean zaude.
Aurpegia emateko daukagu. Guk geuk ez dugu gure aurpegia ikusten, bitarteko baten bidez ez bada. Ingurukoak ari dira etengabe guri begira. Hitzik esan gabe ere une oro ari gara komunikatzen, eta gezurra esaten ari garenean gorputzak edo aurpegiak sala gaitzake. Guztiok dakigu bestearen emozioak nola plazaratzen diren, batzuek bere burua gehiago kontrola dezaketen arren.
Emozioen adierazpenak unibertsalak dira, beraz.
Norabide horretan egin diren ikerketak ondorio horretara iritsi dira behintzat. Oinarrizko emozioak: lotsa, alaitasuna, tristezia, beldurra edota nazka munduko leku guztietan berdin adierazten dira. Jaiotzetik itsua denak ere pozik dagoenean irribarre egiten du. Bakartuta dagoen tribu bateko kideak gure gisara adierazten du tristezia, eta lotsati guztiak berdin gorritzen dira. Kontuan hartu behar da, gainera, aurpegia besteentzat dela, bakarrik gaudenean ez baikara sekula gorritzen. Keinu ugari daude, ordea, kulturalak direnak. Konplizitatea lortzeko begia ixtea, adibidez.
Belen Altuna. Filosofian doktorea eta fisionomian aditua
«Begietan islatzen da arima»
Itxura fisikoaren eta batez ere aurpegiaren bidez pertsona baten izaera nolakoa den aztertzen du fisionomiak. Grezia klasikoan asmatu zen, eta geroztik zenbait autorek landu dute. Belen Altuna dago tartean; urteak daramatza gaia aztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu