Duela sei bat urte Maratila bat eskaini nion Indonesiako kostaldea zein Sri Lankakoa suntsitu zituen tsunamiari. Labur esanda, honako hau izan zen erabili nuen tesia: tsunamitik gehien interesatzen zaiguna ez da etxerik gabe geratu direnen istorioak, ezpada etxera itzuli diren turisten kontakizunak. Hori genuen kezkarik behinena, tamalgarria ez ezik exotikoa ere baita hogei metroko olatu bat gainera datorkizula ikustea. Azken batean, guk, lehen munduko biztanleok, bertako arrantzale pobrearen begietan bainoago eztei-bidaian joandako bikotearen begi izutuetan identifikatzen baikenuen geure burua.
Sei urte geroago, atzera ere tsunami batek lurralde oso bat suntsitu du. Sei urte geroago, milaka hildako. Sei urte geroago, kontaezina dena kontatzeko ezin konta ahala bideo eta irudi.
Haatik, gure jarrera bestelakoa da orain. Orain beste larritasun batez sartzen gara YouTuben, ezinegonaren lurrikarak barrunbeak astindu izan balizkigu bezala. Orain, gu, lehen munduko biztanleok, izuturik gaude. Eta ez soilik hondamendi nuklear baten atarian egon garelako.
Izan ere, tsunami honek gureak bezalako etxeak suntsitu ditu, gureak bezalako autoak eta herriak, gureak bezalako trenak eta lantegiak. Orain dela sei urte, turisten begietan ikusten genuen geure burua eta ez bertakoenetan. Orain, berriz, Japoniarren begi urratu eta zeharo ezberdinetan ikusten dugu geure burua.
Orain gu gara bertakoak.
Maratila
Begietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu