Udako plaza

Begiratoki eta lasaitoki ezin hobea

Iruñeko parke preziatuenetako bat da Media Luna; ibiltzeko, egonean egoteko edota jolasteko baliatzen dute iruindarrek. Adin guztietako jendea erakartzen du.

Bikote bat aulki batean eserita. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hiriaren erdialdea inguratzen du Media Luna parkeak, II. Zabalgunean. Iruñeko parkeen artean ederrenetakoa eta zaharrenetakoa da. Gaztelaniazko Media Luna izena parkeak duen ilbehera itxuragatik datorkio. Zuhaitzez eta lorategiz inguratuta dago, eta toki lasaia da; naturaren oasi moduko bat, eta hiriko zalapartatik eta asfaltotik ihes egiteko aukera paregabea.

Eguraldi onarekin, eta batez ere uda garaian, aisialdirako gune bilakatzen da: jendea bankuetan eserita, haur txikiak dituzten familiak kulunketan, tabernako terrazan zerbait edaten edo paseoan. Ikuspegi ederrik ere ez zaio falta. Parkeak inguratzen duen barandatik haratago eta amildegitik behera begiratuz, ikuspegia ederra da oso: Arga ibaiak eta haren urek egiten duten bidea, Madalenako baratzeak, negutegiak eta Erdi Aroko zubia; Arrotxapea eta Txantrea auzoak eta Ezkaba mendia ere ikusten dira.

Baina barandaren barrualdean, parkean barneratuz, ikuspegia bestelakoa da. Ukitu erromantikoa du tokiak: pergolak, uraskak, eskailerak, eskultura txikiak, zuhaitz handiak, iturriak eta bankuak ederki uztartzen dira parkeko belardi eta lorategiekin. Parkean zuhaitz espezie ugari dago, 43 zehatz esateko. Agerikoena sekuoia erraldoi bat da. Dena dela, ez da hiriko handiena. Hiriburuan bertan, Nafarroako Jauregian dagoena handiagoa eta zaharragoa da.

Victor Eusa arkitekto iruindarraren diseinuari jarraituz, 1935. urtean eraiki zuten Media Luna parkea. Azalera handia hartzen du, 67.000 metro koadro. Horregatik, eta hiriaren erdian egon arren, lasaitasuna bilatzen duenarentzat toki ezin egokiagoa da. Adin guztietako jendea joaten da hara. Badu arrain txikien bizitokia den urmael bat, gurpil gaineko patinatze pista bat eta haurrentzako kulunkak.

Udan kontzerturik ere ez da falta. Azken urteetan jazz emanaldiak antolatu dituzte ostiralero. Ez alferrik, parkeko tabernatik pauso batera dagoen lorategietako batean, bankuez inguraturik, Pablo Sarasate biolin jotzaile iruindarraren monumentua bista daiteke.

Udan, eguraldi ona lagun, goizez zein arratsaldez, parkeko tabernako terrazan bizitza handia antzeman daiteke. Hamaiketan zabaltzen da taberna, eta beti bada norbait terrazan. «Denetarik hurbiltzen da parkera: familiak haurrekin, erretiroa hartutako jendea, hamaiketakoa lasai hartu nahi duena...», dio Tomas Urmeneta tabernako zerbitzariak.

Paseoan edo egonean

Lourdes eta Konsuelo Iruñeko Gaztelugibelen bizi dira, baina ahal duten guztietan joaten dira parkera. «Etxean ez gelditzeko etortzen gara honaino oinez, pauso azkarrean. Parkeari itzulia eman, eta etxera itzultzen gara». Gauza bera egiten du Pablo Ilundainek. 74 urte ditu, eta sasoi betean dago: egunero Atarrabiatik oinez igotzen da parkera, gero bueltan jaisteko. «Arga ibaiaren bazterretik etortzen naiz maiz. Gaur Txantreatik barna igo naiz, eta Belosoko aldapatik jaitsiko naiz», dio parkeko banku batean atseden hartzen duen bitartean. Baina bada parkean lasai egotera etorri denik ere. Julio Martinez barandan besoak dituela dago. Barandatik haratagoko paisaia eta bizia ditu gustuko: «Bista ederra da. Madalenako ortuak eta Arga ibaia ikusteak lasaitu egiten nau. Itsaso txiki baten itxura hartzen diot inguruari, eta gustura egoten naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.