Amador Granadok futbolaria izatea zuen amets. Jaiotzeko hanketako desitxuratze bat dela medio, ebakuntza ugari egin dizkiote, nerabezaroan gorputza garatu zitzaion arte. Txikitatik jakin izan du aurrerapausoak emateko gogor borrokatu behar dela. Bizikletaren gainean eman ditu gaurdainoko pedalkadak. Aitarekin igandetan ibilbideak egitetik Atenasko Olinpiar Jokoetan lehiatzera iritsi da.
Kirola ariketa fisikoa baino zerbait gehiago da Granadorentzat: «Jaio nintzenetik hanketako deformazio arazo bat nuen, eta txikitatik ekin nion kirola egiteari». Horrek bizimodu bat izatea dakar berekin. «Egoera fisikoa hobetzeko behar-beharrezkoa izan da nire bizitzan kirola». Lehiatzeari uzten dionean ere, bizikleta ez du alde batera utziko, haren bizitzaren zatia baita.
Aitarekin asteburuetan
Aitarekin txirrindulari ibilketetara joaten hasi zen haurra zela. Ondoren, ebakuntza garaia etorri zen, eta denboraldi batean bizikleta alde batera utzita eduki behar izan zuen. Jarraian, gimnasio batean aritu zen hankak indartzen. Behin bere burua prest ikusi zuenean, berriro bizikletaren gainean jarri zen. Egokitutako kirolean aritzen zen lagun baten bidez Zuzenak Kirol elkartean sartzea lortu zuen, bere ibilbide garrantzitsuenari hasiera emanez.
Errepidea eta barruko zirkuitua, biak ditu gustuko Granadok. Datorren asteburuan, esaterako, Gipuzkoako Txapelketan arituko da, Anoetan. Munduko txapelketa hilabete pasatxo barru hasiko da, eta denborak egin eta zein egoeratan dagoen ikusteko balioko dio Anoetakoak. Astebete geroago, berriz, Mallorkara joango da Espainiako Txapelketan lehiatzera. Txekian eta Herbehereetan izana da, Europako Txapelketetan. 2004an, berriz, Atenasko Olinpiar Jokoetara joan zen.
«Olinpiar Jokoak nolakoak diren azaltzeko bizi egin behar dira». Txapeldunorde izan zen bere kategorian, eta zerrenda orokorrean 13. postuan geratu zen urnietarra. «Banekien ez nuela irabaztea lortuko, ongi pasatu eta esperientzia bizitzea izan zen garrantzitsuena. Kirolari ororen ametsa da Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Kirolari mordoarekin elkartzeko aukera izaten da».
Lasterketa nagusiko helmuga Olinpiar Jokoetako domina lortzea da harentzat. Urtez urte zailagoa ikusten du, baina hauxe esan du: «Lanean jarraitu eta datorren urtean Londresen egotea da nire hurrengo helburu nagusia».
Amador Granado. Txirrindularia
«Beharrezkoa izan da kirola egoera fisikoa hobetzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu