Komunikazioa

Behategiaren urtekarian 26 egileren begiradak jaso dituzte

Hamalau lanek osatzen dute urtekaria. "Inoizko bilduma zabalena" dela nabarmendu du Behategiak. Askotariko ikerketak daude jasoak, eta sektoreko kazetariek ere idatzi dituzte artikuluak.

Igor Astibiak 2019aren kronika idatzi du. INIGO URIZ / FOKU
2020ko uztailaren 28a
12:16
Entzun

Euskal Hedabideen Behategiaren laugarren urtea izan da 2019a, eta emandako pausoak "garrantzitsuak bezain ezinbestekoak" izan dira euskarazko komunikabideen eremuan. Urte hasierako gertakari nagusia euskarazko hedabideen finantzazioa hobetzeko akordioa izan zen, Behategiaren arabera, eta erakunde horrek hainbat bide abiatu ditu ikerketa bideratzeko: komunikazio digitala eta sare sozialen afera, eta euskarazko komunikabideen kartografiaren eguneraketa, besteak beste. Ikerketa lerroak eta ikerketa tresnak, biak ala biak bideratzeko lanei ekin zaie, eta emaitzak urte honetan zehar argitaratuko dituzte. "Bestalde, euskarazko komunikazioaren erronkez eta aukerez hausnartzeko lehen pausoak ere eman dira, eta bide horrek ere izango du segida", azaldu dute Behategiko arduradunek.

Aurtengo bilduman, 2019ari hasieratik amaierara arteko begirada sakona luzatzeaz gain, "premiazkoak" diren hainbat eztabaidagai eta horiei bide emateko azterketak ere jaso dituzte. Hamalau laneko bilduma da Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, 26 egileren begiradek eta Euskal Hedabideak elkarteak osatutako diagnostikoa eta gogoeta. "Inoizko bilduma zabalena", bai egileen aniztasunagatik (sektoreko kazetariak, hainbat unibertsitatetako ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak, eta erakundetako ordezkariak), bai gaitegiaren dibertsitateagatik, bai lanaren bolumenagatik. Urtekaria deitzen den arren, dagokion urteaz harago doazen azterketa eta gogoeten bilduma da.

Hasteko, 2019, Urte garrantzitsua euskal hedabideentzat kronikan urte osoko gertakizunen errepasoa egin du Hekimen euskal hedabideen elkarteko koordinatzaile Igor Astibia Teiletxeak. Testuak digitalizazio prozesuaren azkartzea du hizpide, ikus-entzunezko plataformen ugaritzea, 5G teknologiaren hedapenean emandako lehen pausoak, albiste faltsuen fenomenoak eta kazetaritzaren aurkako 2019ko erasoak. Euskal hedabideen gorabeherak ere aztertu ditu kronikaren bigarren atalean.

Bigarren lana EHUko irakasle eta ikertzaile Miren Manias Muñozek sinatzen du: Ikus-entzunezko kontsumo ohituren aldaketa, aktore globalak eta euskarazko edukiak. Artikulu horretan, ikus-entzunezko kontsumo ohituren aldaketetatik abiatuta, aktore globalen xehetasunak eta itsaso infinitu horretan sakabanatutako euskarazko edukien lekukotzak bildu ditu.

Aurten bi lan sinatu dituzte euskal hedabideen sektorean lanean ari diren kazetariek. Zurriolako Butaka telebista saioa: zazpiak bat, euskal zinemaren berri emateko izenburupean kontatu ditu BERRIAko Urtzi Urkizuk elkarlanean abiatu eta elkarlanean sakonduz sortutako saioaren nondik norakoak. Donostiako Zinemaldiko egunetan, euskarazko sei komunikabide (tartean, BERRIA) elkarlanean aritzen dira Zurriolako butaka telebista saioa egiten.

Bai, irratia; NAIZ irratia lanean, berriz, Ion Telleria Barrenak azken urteetan euskarazko irratigintzan gertatu den jaiotza baten berri dakar, transmedia ideiei segika ehundutako euskarazko irrati nazionala.

Irratiaz mintzo da urtekariko bosgarren lana ere: Gazteria eta irratia aro digitalean: nazioarteko praktiken azterketa, euskal gazteen iritziak eta aurrera begirako proposamenak izenburua jarri diote Mondragon Unibertsitateko ikasle eta irakasle diren Andrea Aranburu Goienetxea, Maider Arrotxa Herrero, Xabier Perez Vitoria eta Aitor Zuberogoitia Espillak beren analisiari. Euskal Herriko gazteen musika eta entretenimendu edukien kontsumoa ikertu dute, euskarazko eskaintzan sumatzen dituzten hutsuneak identifikatzeko asmoz eta Gaztea irratiarentzat zortzi urratseko proposamen bat egitea xede.

Seigarren lanak iazko aldian abiatutako arnasa luzeko kazetaritzaren inguruko ikerketari ematen dio segida. Fast or slow: zein da albisteen geroa? Nazioarteko 25 adituk eta Euskal Herriko 500 irakurlek arnasa luzeko kazetaritza aztertu dute izeneko lana sinatu dute /EHUko HGH ikerketa taldeko Itsaso Manias Muñoz, Guillermo Gurrutxaga Rekondo eta Txema Ramirez de la Piscina Martinezek. Aldakortasuna, azkartasuna eta aniztasuna dira nagusi gizartean bezala komunikazioan ere, eta testuinguru aldakor horren abiaduraren aterkipean mintzo dira artikulu horretan albisteen geroaz. Berrien berehalako kontsumoa nagusitzen ari da gaur egun, eta arnasa luzeko kazetaritzaren etorkizuna zer-nolakoa izango den jakiteko asmoz idatzi dute artikulua.

Arantza Gutierrez Pazen sinadurapean dator zazpigarren lana: Migrazioa eta kulturaniztasunaren tratamendua Hego Euskal Herriko tokiko euskal prentsan. EHUko irakasleak eta Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldeko ikertzaileak egindako tokiko aldizkarietako edukien azterketan, migrazioa edo kulturaniztasuna islatzeko orduan praktika onak nagusitzen direla ondorioztatu du; hala ere, egon badaude hobetu beharreko alor batzuk, eta horien zerrenda ere egin du.

Zortzigarren eta bederatzigarren lanek ohiko tandema osatzen dute: lehenik, Hekimen elkarteko webguneak 2019. urtean lanak euskal hedabideen analitikak ditu hizpide. CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labaka eta Mikel Lizarralde Asurmendik sinatutako azterketak 2019an Hekimen elkarteko webguneetan izandako 28,5 milioi saioen nondik norakoak aletu dituzte, %18ko hazkundea azaltzeko asmoz. Bigarrenik, sare sozialetako analitikak jasotzen ditu Euskarazko komunikabideak besteen bihotzetan: Facebook eta Instagram sareen su beroa lanak. Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta EHUko NOR ikerketa taldeko kide den Libe Mimenza Castillok estreinakoz bildu ditu Instagram sareko datuak, eta, 2019ko aldagaiei erreparatuta, argi dio, euskarazko hedabideen kasuan behintzat, Facebooken gainbeherarik ez dela gertatu.

Gazteek gustuko dituzten ikus-entzunezkoak da hamargarren artikuluaren izenburua. Applika ikerketa proiektuko kide eta EHUko NOR ikerketa taldeko ikertzaile diren Edorta Arana Arrietak, Bea Narbaiza Amillategik eta Jon Iriarte Mendiolak sinatutakoa da lana. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko 800 ikasle inguruk osatzen duten panela baliatzen dute ikasleen ikus-entzunezko kontsumoen gaineko informazio zabala, zehatza eta gaurkotua jasotzeko.

Hamaikagarrena bi lanek osatutako blokea da. Artikulu nagusia Elhuyar Fundazioko I+G unitateko Zuhaitz Beloki Leitza eta Xabier Saralegi Urizarrek idatzitakoa da: Euskarazko prentsaren narratibaren ardatz geografikoak aztertzen testuen meatzaritza eta Wikidata uztartuz. Euskal Herriko egitura administratiboa zein konplexua den jakinda, euskarazko prentsak eraikitako narratiban hori nola islatzen den aztertu dute albisteetatik pertsona , erakunde  eta leku-izenak erauzi eta kontsultatzeko metodo automatiko bat sortuta. Blokea osatzeko, gaiarekin lotutako artikulu labur bat idatzi dute Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile diren Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchezek: Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan: Izenik ez duenak ba al dauka izanik? Izanik ez duenak eduki ote dezake izenik?

Hamabigarren blokea da, hain zuzen, 2019ko euskal hedabideen sektoreko gertakizun nagusia biltzen duen atala. Artikulu printzipalean, Euskara hutsezko hedabideak eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak: 1980-2020, EHUko irakasle eta ikertzaile Elixabete Larrinaga Artetxek azken lau hamarkadetako diru laguntzen bilakaera zer-nolakoa izan den azaltzen du, xehe-xehe. Bestetik, 2019an lortutako akordioaren inguruko hausnarketa bana idatzi dute Estibaliz Alkorta Barragan Euskara Sustatzeko Eusko Jaurlaritzako zuzendariak eta Igor Astibia Teiletxea Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko koordinatzaileak: Euskal komunikazioaren joko zelai berria eta Pauso garrantzitsua euskarazko hedabideen egonkortasuna bermatzeko bidean izenburupean, hurrenez hurren.

Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideentzat ere urte garrantzitsua izan da igarotakoa, gogoeta prozesu betean murgildu baitziren 2019an zehar. Horren emaitza da Euskal Hedabideak: Iparraldeko egoeraren diagnostikoa, urtekariko hamahirugarren lana. Euskal Hedabideak elkartea osatzen duten komunikabide guztiek (Euskal Irratiak federazioa, Kanaldude telebista, Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria astekaria, Kazeta.eus) sinatutako dokumentua da, audientzia, ekoizpena, zabalpena eta antzeko ardatzak dakartzana.

Azkenik, hamalaugarren azterketa EHUko HEKA ikerketa taldeko proiektuburuak sinatzen du, Iñaki Zabaleta Urkiolak. Minoritatetasuna erraietan. Europako hizkuntz minoritateen hedabideak eta kazetaritza: errealitatea, garapena eta funtzioak izenburua jarri dio urte luzetako ikerketa biltzen duen artikulu mamitsuari. Euskaratik eta Euskal Herritik atera eta Europako gainontzeko hizkuntza gutxiagotuengana garamatza azterlan zabalak. Ideia horrekin abiatzen da, eta Behategiak bertako esaldi bat nabarmendu du: «Europa mailan, hamar eurotik zortzi erakunde publikoetatik etorri arren, hizkuntz minoritateen komunikabideen finantzaketa inbertsio sozial, kultural eta ekonomikoaren paradigmatik definitu behar da, laguntza edo asistentziaren diskurtsoa baztertuz».  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.