Eguna laino artean esnatu zen atzo ere Iruñerrian eta Nafarroako beste hainbat tokitan. Hiriburuan eta inguruko herrietan lanbro itxi eta beheak dena estaltzen zuen: eraikinak, parkeak, inguruko mendi eta soro soilduak. Baina orduak joan ahala, eguzkia gailendu egin zitzaion sare zuri eta meheari. Zorionez, lainoa ez da betiko geldituko inguruan. Iragarpenen arabera, eguraldi aldaketa dator. Ostiralean ipar-ekialdeko haizea sartuko da, eta eguna lainorik gabe urratuko du.
Egunotako laino itxiak, irudi politak uzteaz gain, eragozpenak ere eragin ditu Nafarroan, Noaingo aireportuan batez ere. Laino itxiagatik, hamabi hegaldi bertan behera gelditu ziren joan den astean, eta hainbat bidaiarik planak aldatu behar izan zituzten azken orduan. Asteon, beste hiru hegaldi ez dira atera. Astelehenean, bi hegaldi bertan behera gelditu ziren. Atzo, berriz, bakarra gelditu zen atera gabe. 08:55ean Madrilera egunero doan hegazkina aireratu gabe gelditu zen, Noaingo aireportuan ez eze Madrilgoan ere lainoa zegoelako. Bai atera ziren, ordea, 06:45ean Madrilera doana eta 07:30ean Bartzelonara joaten dena. Arratsaldeko hegaldiak ere inolako arazorik gabe atera ziren.
Erradiazio lainoa
Euskal Herrian jatorri bateko eta besteko hiru laino mota nagusi bereizten dira: kostako lainoa, mendietako lainoa eta haranetako lainoa. Barrualdeko haranetan bada oso ohikoa den beste laino mota bat: erradiazio lainoa, behe lainoa edo erlainoa ere esaten zaiona. Eguraldi egonkorra eta zeru oskarbia lagun, gau fresko eta hezeen ondoren, aire hotza eta lodia mendi hegaletatik behera haran barrenera jaitsi eta, hezetasuna kondentsaturik, bertan geratzen denean sortzen da. Egunotan Nafarroako hainbat haranetan eta Iruñerrian ikusi ahal izan den lainoa horixe bera da. Neguan, batez ere abenduan eta urtarrilean, ohikoa da horrelako eguraldi gertakaria. Antizikloiaren eraginpean zerua garbi eta haizea bare dagoenean sortzen da behe lainoa. «Gauak oso luzeak dira. Lurra hozten ari da etengabe, eta lurreko haizea hoztean gehiago pisatzen du eta atmosferara igotzen hasten da. Haize hori hezetasunarekin nahasten da, eta haizerik ez dabilenez, ibarrean kokatzen da», azaldu du Jose Antonio Aranda EuskalmetekoMeteorologia zuzendariak.
Eguzkiak berotu ahala, eguzki printzak «lainoa zulatzen hasiko dira» eta oskarbi geldituko da eguna. Dena dela, egoera hori erabat aldatuko da haizea jotzen hasten denean. Hori atzo berean nabaritu zen Iruñerrian; eguzkiaren epeltasunak lainoa desagerrarazi zuen, baina arratsalderako hodeiek hartu zuten zerua.
Euskalmeteko iragarpenaren arabera, egunotan haizea ibiliko da Nafarroan, ipar-ekialdea sartuko da eta ez da lainorik sortuko. Bestalde, tenperaturak jaitsi eginen dira. «Euria egin dezake, eta hemendik lauzpabost egunetara izotza ere bai», gaineratu du Arandak.
Behe lainopean astebete
Iruñerriak astebete pasatxo darama lainopean esnatzen, eta horrek hainbat hegaldi bertan behera utzarazi dizkie Noiango aireportuan; atzo bertan hegaldi bat ez zen atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu