Mendia

Behin-behineko zuzendaritza aukeratuko du bihar EMFk

Alvaro Arregi eta Roberto Agirre hautagai direla egingo dute, Elgetan, lehendakaria aukeratzeko batzarra

Txomin Uriarte erdian dela, 2009ko urtarrilean atera zen zuzendaritza. Ezker-eskuin, Javier Antunez, Alberto Zerain, Txomin Uriarte, Arantza Jausoro eta Antxon Bandres. EMF.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Elgetako Espaloia antzokian izango da (Gipuzkoa), bihar, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) behin-behineko zuzendaritza aukeratzeko deitu duen Aparteko Batzar Orokorra. Bi zerrenda aurkeztu dira, eta horietako batek izango du datozen hilabeteetan EMF gidatzeko ardura: Alvaro Arregi buru duenak eta Roberto Agirrerenak. Batzarreko lehen deialdia 11:00etarako egin dute, eta bigarrena, 11:30erako. Mendi taldeek eta elkarteek, federazioek eta mendizaleek dute orain azken hitza.

Nahasia dago giroa federazioan azken urteetan, eta gorabehera horien ondorioa da biharko eguna ere. Alvaro Arregi buru duen taldeak zentsura mozioa aurkeztu zuen urrian Txomin Uriarte presidentea buru zuen zuzendaritzaren kontra, eta aurrera atera zen eskaera. Hori horrela, Uriarte ordezkatuko duen behin-behineko zuzendaritza aterako da biharko batzarretik, eta 2012an egitekoak diren hauteskunde ofizialak egin arte EMFren jarraibideak zehaztu beharko ditu.

Elgetako biharko gai zerrendak gai bakarra du: hauteskundeak. Mahaia izendatuko dute aurrena, eta hautagai bakoitzak dituen asmoen berri azaltzeko modua izango du ondoren. Batzarreko kideen galderak eta esan beharrekoak bukatu ondoren egingo dute bozketa. Boto gehien duen hautagaitzak hartuko du zuzendaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.