Ortzadar euskal folklore elkarteko kide eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte antropologiako irakaslea da Karlos Irujo. Gaueko prestatzen eta antzezten ibili zen 1989an, antzerki beltzaren eta itzal antzerkiaren tekniketan oinarritutako folklore ikuskizuna. Euskal dantzen mugimendua eta estetika nabarmentzen zuten itzalek eta argiek.
Gaueko ikuskizuna egin zenuten 1989an, txinatar itzaletan oinarritutakoa. Zertan zetzan?
Iruñeko lagun bat Hungarian zebilen txotxongilo ikastaro bat egiten. Pragako antzerki beltzaren ikuskizunean oinarritutako ikuskizuna egitea proposatu genion, baina Txinan beste era bat bazela esan zigun. Txinan panpina lauekin egiten dira itzalak agertokian, baina guk pertsonekin egin genitue. Bazituen zailtasun batzuk. Ez da gauza bera oihalaren atzean pertsonak mugitzea edo panpinak. Hiru dimentsiotako gauzak edo bi dimentsiotakoak mugitzea, alegia. Kamera beltzaren teknika baliatu genuen itzalak proiektatzeko. Egoera ilun batetik argitasun betera pasatzen ginen ikuskizunean. Bide hori egiten genuen gaueko pertsonaia mitologikoarekin.
Istorioren batean oinarritzen zen?
Ez. Ikuskizuna erabat estetikoa zen. Antzerki beltzak zein itzalenak bidea ematen du elementu jakin batzuetan arreta jartzeko. Ez ziren ikusten dantzarien jantziak, ez dantzatzeko behar zituzten tresnak. Soinuak entzuten ziren, eta itzalpean bakarrik dantzak ikusten ziren. Dantzariek eta haren janzkerek galtzen zuten indarra. Arreta mugimenduan jartzen zenuen. Itzalekin jokatuz, euskal dantzak aurkezten genituen.
Zenbat lagunek parte hartu zenuten?
Lagun gehiegik. Talde osoa ibili ginen, 60 lagun inguru. Akats gaindiezina izan zen hainbeste jende inplikatzea. Bakoitzak bere lana oso ongi ikasia eraman behar zuen. Bakoitzak bazekien berea, nondik sartu eta atera, baina ez genekien ondokoak zer egiten zuen, eta horrek sekulako arazoak eragin zituen. Urte osoko ikuskizuna izan zen, eta urte osorako konpromisoa behar zen. Hori lortzea oso zaila izan zen, eta nekagarria.
Zergatik diozu nekagarria izan zela?
Kamera beltzean eramaten genuen txano beltz bat. Ezin genuen ongi arnastu, lasterka joan behar genuen, beti izerditan, eta ez genuen ongi ikusten; ondokoarekin talka egiten genuen etengabe. Oso zaila izan zen.
Nolako harrera izan zuen?
Harrera oso ona izan zuen, baina beste akats bat ere izan genuen: ikuskizuna luzeegia izan zen. Ordubete pasatxo irauten zuen. Jaso genuen kritika batek esaten zuen hasieran miresmena sortzen zuela baina gero aspertu egiten zuela. Behin lehen ezustekoa emanda freskotasuna galtzen zuela zioen.
Zergatik ez zenuten emanaldia berriz planteatu?
Bagenuen konpromisoa horrela egiteko. Taldeko jendeak erantzun zuen, eta agertu zen entseguetara. Baina horrelako emanaldi bat urte baterako soilik egitea gehiegi da. Belaunaldi bat erre egin zen taldean emanaldi hori prestatzen.
Zergatik?
Prestaketak arazo asko eman zizkigun. Margotu behar ziren gauza guztiak pintura berezi batekin, eta oihalak pintura horrekin hauskorrak bihurtzen ziren. Gogortu egiten ziren, eta erraz hautsi. Adibidez, Cortesko txirikorda dantzan xingolak apurtu egiten ziren. Oso deigarria izan zen. Apustu arriskutsua. Entseguak gauez egin behar ziren. Lekuak izan behar zuen iluna. Urrirako prestatu genuen, eta udan hamarrak arte eguna da. Gaua egin arte itxaron behar genuen.
Non antzeztu zenuten?
Aldamioak egiteko burdinekin kamera beltz bat prestatu genuen, eta hori izan zen agertokia. Gure kamera muntatzen genuen antzokietan.
Horrelako egitasmorik berriro egin duzue?
Proposatu izan da, baina lan asko da. Ikuskizuna berriz planteatu beharko litzateke, eta akats batzuk agian gaindiezinak dira. Hiru dimentsiotako itzal baten atzean zailtasun asko daude. Estetikoki apustu ausarta izan zen, agian Ortzadarrek egin duen aposturik ausartena, baina teknikoki oso zaila izan zen.
Karlos Irujo. Ortzadar taldeko kidea eta antropologoa
«Belaunaldi bat erre zen taldean ikuskizuna prestatzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu