Urtebetetik gora daramate elkarlanean, eta maiatzean eratu zuten elkartea, baina mundura jaio, atzo jaio zen Sukatalde, Gipuzkoako Sukaldari Gazteen Elkartea, bere lehen aurkezpen publikoarekin. «Une historikoa» zela azaldu zuen Iñaki Galdos Gipuzkoako Kanpo ekintzako ahaldunak ekitaldian, «hutsegiterik egiteko beldurrik gabe» esan daitekeela hori. Izan ere, ahaldunak gogorarazi zuen moduan, 1977an ere prentsak sukaldari belaunaldi berri batez hitz egiten zuen, gerora Euskal Sukaldaritza Berria deituko ziotenaren bultzatzaileek osatutakoa.
Antzeko anbizioak ditu Sukatalden bildu den belaunaldi berriak. «Indarrak batzea» dute helburu, «lanbidea hobeto ezagutu eta helburu komunak lortzeko». Edorta Lamo (A Fuego Negro, Donostia) eta Aizpea Oihaneder (Xarma, Donostia) izan ziren elkartearen bozeramaile aurkezpenean. Azaldu zuten Gipuzkoaren sustapenerako ahaleginak egiteko asmoa duela Sukataldek; hori bai, elkartearen ekintzetan sukaldari gazteon filosofia eta proposamen gastronomikoak zabaltzeko ekimenak izango dira nagusi.
Alde horretatik, bidea urratu dute jada, batez ere bertako kalitatezko produktuen ezagutzaren inguruan, Arabako boilurra, Idiazabalgo gazta... Prestakuntza ikastaroak ere egin dituzte. Aurrera begira, pentsatu dute aipatutakoekin jarraitzea, topaketa egutegia antolatzea eta elkarrekin beste hainbat jarduera egitea. Hemendik gutxira, berriz, elkartearen webgunea garatu eta sare sozialetako presentzia landuko dute. Lan horren hastapena besterik ez da www.sukatalde.com gunea. Era berean, parte-hartze aktiboa izango dute datorren asteko Euskal Herriko Pintxo Lehiaketan eta aurtengo Gastronomika eta Cook & Fashion ekimenetan.
Hamalau sukaldari gaztek osatzen dute elkartea oraingoz. Eta Yeyette Etxea, Sukal Leku Fundazioaren etxea izango dute egoitza soziala. Sukatalde elkartea zabalik dago lanbidearen ezagutzan sakontzeko asmoa duten herrialdeko sukaldari gazteentzat. Jatetxe batekin kontratua izatea eta beste kideen %80ren babesa dira bete beharreko baldintzak.
Belaunaldi berria
Gipuzkoako Sukaldari Gazteen Elkarteak, Sukataldek, bere burua aurkeztu du; indarrak batzea dute helburu, baita elkarlanean ekimen anitz egiteko asmoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu