Maratila. Aurelia Arkotxa

Belleville

2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Asteburu honetan, abenduaren 18an eta 19an, Bellevillek bere 150 urteak ospatzen zituen. Pyrénées karrikako iragarkietan «Belleville Mon Amour» irakur zitekeen. Lasterraldi, argazki erakusketa, auzo bazkari, Inautetako kabalkada bat ere «batucadas»-ekin. Elur erauntsia trebeska heldu (seinale, peko haizetik heldu dela). Autoen gainak zuri zuriak. Lehen, 1860 baino lehen, Belleville ez zen Parise («ParisE», erraten dugu guk), bereizeko hiria zen. Abenduaren 20a, auzoko besta itzalia da, bizkitartean, Envierges karrikaren muturretik hurbil Le Vieux Belleville kafea jendez betetzen ari. Jojo nagusiak bere berrogeitamar urteak gaur egiten. Elurraren ondotik euri hormatua hasten kanpoan. Espaloi beltzetan elur lohia. Bellevilleko parke ilun zuritik ikusten duzu Parise zabaltzen begien aitzinean. Eiffel dorrea, han horizontean. Kafearen aitzinera ateraiak dira batzuk zigarreta baten pipatzeko (erretzeko). Parean, Villa Faucheur-eko pasabideetarik bat Partidu komunistaren afixez estalia. Afixa batzuen kolore gorria, PCF letra zuriz agertzen delarik. Beste afixetan, norbaiten itxura bere sakela hutsen erakusten ari. Abisu hau : «Travaillez plus, pour gagner plus, MON OEIL (tirrit)… Augmentez nos salaires ». Pasabideko arkupean plaka batek dio Godefroy Louis hor bizi zela. «Mort pour la Libération de Paris le 23 août 1944. Libération Nord (20e section) Groupe Piat». Jojok deneri eskaintzen du jatekoa eta edatekoa ausarki. Minelle, bere akordeoiarekin, kantu xaharren laguntzen ari. Haren ile gorriak (Toulouse Lautrec heldu zait gogora). Beste afixa bat frigorifikoan kolatua dena: gereziondo baten itxura bere lore eta fruituekin! «Fête de la Commune, 25 septembre 2010». Kafearen barnean, irri, solas, kantu. Umore on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.