Beltxargen aintzira izoztu da

Bilboko Arriaga antzokia izotz pista bihurtuko dute, ballet klasikoak horma gainean dantzatzeko

Olinpiar Jokoetan urrezko dominak irabazitako irristatzaileak ikusi ahalko dira, balleta dantzatzen. BERRIA.
Erredakzioa
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Balletaren eta irristatzearen arteko nahasketa ikusi ahalko da datozen egunetan Bilbon, neguari kaixo esateko moduko ikuskizunean. The Imperial Ice Stars konpainiak Beltxargen aintzira eta Errauskine balleten izotz gainerako bertsioak eskainiko ditu.

Denera, 25 irristatzaile txapeldun jartzen ditu konpainiak -15 gradura hozturiko pistaren gainean. Denen artean, 250 domina baino gehiago irabazi dituzte. Tartean dira Evgeny Platov, 1994ko eta 1998ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuena, eta izotz gaineko dantzako iazko mundu txapeldunak, Albena Denkova eta Maxim Staviski. Hurbil-hurbiletik ikusi ahalko dira, kirol pistak baino askoz txikiagoa baita antzokian izango duten lekua. Toki murritzagoak teknika bereziak garatzera behartu ditu konpainiako trebatzaileak.

Eamon D'Arcyk sortu ditu ikuskizunerako dekoratuak, Sydneyn 2000. urtean eginiko Olinpiar Jokoak zabaltzeko ekitaldia diseinatu zuenak. Gaur eta bihar Txaikovskiren musikarekin arituko dira, eta asteartetik ostegunera eta hurrengo igandean, Errauskine eskainiko dute. Sarrerak 12,80 eta 42 euro artean salduko dituzte. Abenduaren 19, 22, 23 eta 26an, merkexeago jarriko dituzte goizeko emanaldietan: 9,60 eta 35 euro artean.

IZOTZ GAINEKO BALLETA

Noiz. Abenduaren 26a arte. Gaur, 18:00etan eta 22:00etan.

Non. Arriaga antzokian, Bilbo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.