Ez da azalpen askorik behar. Ez da Carancho hitza hiztegian bilatu behar: berehala asmatuko dugu kontu ilun samarra dela. Xehetasunik gabe, baina zehaztasun handiz, iraganaren ekaitzak daude gaurko lainoen atzetik. Pertsonaiak nondik datozen ez da oso garrantzitsua; han-hemenkako hari muturrek utziko dituzte aztarna bakanak. Nora doazen ere ez da batere argi, baina patua kontrako dute. Aurrera ihes egin nahi horrek ezin deus onik ekarri.
Beltza, oso beltza da Pablo Traperoren azken filma. Generoaren kode eta erreferentzia asko gaurkotu eta bere testuinguru sozialera ekarri du.
Hor da lizentzia galdu duen protagonista; hura berreskuratzeko, halabeharrez negozio zikinetan sartu behar izan du. Hor da tristura eta hoztasuna kutsatzen dituen emakumezko misteriotsua, amodioagatik den-den pikutara bidaltzeko gai.
Polizia eta mediku ustelak, autoetan eta aldageletan jipoiak ematen dituzten gaizkile eredugarriak. Dirutza bat maletatxo batean gordeta. Eta, batez ere, inora joan ezin den iheslari bikotea; They Live by Night klasikoan (Nicholas Ray, 1949) bezala, esperantza berri baten bila abiatuko dira, jakinik ezin direla urrun ailegatu.
Egungo Buenos Aires ere hor da, gauaren bestaldean apenas ikusten den hiriburua. Hala ere, gutxitan egin izan da hiri baten horren erretratu zehatza. Turismo giden B aldea da, ospitaleak, komisariak, aseguru etxeak eta auto istripuak. Ia dena hor da, 40ko hamarkadan ezinbestekoak ziren osagai guztiak, mende berri batera ekarriak.
Ez nolanahi, gainera. Aurreko pelikuletan argi utzi zuen moduan, Trapero ez da kamera edonon jartzearekin konformatzen diren zuzendari horietako bat. Carancho-n sekuentzia asko eredugarri bihurtuko ditu; etenik gabe kamerak pertsonaiak batetik bestera segituko ditu, atzera-aurrera, ezker-eskuin, planifikazioren lana ikusleen begien aurrean jarriz.
Film beltza on orok neurriko protagonistak eskatzen ditu. Honek baditu. Campanellaren azkenean bezala, negartiaren rola utzita, Darin jaunak bere onena atera du. Are handiagoa da Martina Gusmanen interpretazioa, barne korapiloak dena esaten duen begirada isil baten azpian ezkutatzen duenarena egiten.
Carancho ez da guztiz borobila; beharbada gehiegi luzatuko da, eta amaieraren egokitasuna zalantzagarria izaten ahal da. Dena den, horiek ez dira aski pasioz egindako film eder eta beltzaren bertuteak lurperatzeko.
############
Carancho
+16.Argentina, 2010. Zuz.: Pablo Trapero. Akt.: Ricardo Darin, Martina Gusman, Dario Valenzuela, Carlos Weber. 107 min.Gasteiz(Florida), Bilbo (Alondegia), Donostia (Principe), Iruñea (Baiona).
############
Beltzaren distira eternala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu