Telesailak

Benetan nahi al duzu ama izan?

'American Horror Story’ izu lurtar eta fisikoago baten alde lerratu da ‘Delicate’ denboraldi berrian. Emakume bat aritu da gidaritzan estreinakoz.

AMERICAN HORROR STORY
'American Horror Story'-ko irudi bat. Disney Plus.
Mikel Yarza Artola.
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Hamabi urte joan dira piztia jaio zenetik. American Horror Story telesailaren Murderhouse estreinako denboraldiak generoaren kodeak irauli eta mundu zabaleko milioika zale erakarri zituen, urtez urte hutsetik hasten ziren istorio ikaragarrietara.

Asylum, Coven, Freak Show, Hotel... denborak dena higatzen du, eta, azkenaldian, telesailaren freskotasuna eta ikusle datuak ikaragarri amildu dira. Giro horretan, Ryan Murphy eta Brad Falchuk sortzaileek pauso bat atzera egin dute, eta Halley Feifferrek hartu du lekukoa. Lehen aldiz, emakume bat gidari, eta literatur lan bat kontakizunaren oinarri. Danielle Valentine nobelagile estatubatuarrak uda honetan bertan argitaratu duen Delicate Condition eleberria da atal berrien inspirazio iturria.

Istorioko protagonista, berriz, Anna Alcott aktorea da, itxuraz ezer falta ez zaion emakumea. Oscarren lehian murgilduta dago, eta senar abegikor bat du alboan, baina ezin da ama izan. Bat-batean, ginekologoaren ordua egunez aldatuta agertuko zaio sakelako telefonoaren agendan, funtsezko medikamentuak etxetik desagertuko zaizkio, eta norbait bera zelatatzen ari dela susmatzen hasiko da. Hori aski ez, eta espero zuen haurra jaio aurretik hilko da.

Rosemary’s Baby da telesailaren erreferentziarik argiena. Ira Levinek paperean eta Roman Polanskik zeluloidean, modu bortitzean bihurtu zuten amatasuna amesgaizto. Bi gizonezko horien aldean, Feifferren prisma arnasbide feminista bilakatu da American Horror Story telesaileko alor narratibo eta formalarentzat.

Bisturia, ezpainetakoa, armiarma, plazenta, haur jaio berri baten eskeletoa, odol tantak sabelean behera... atalen sarrerako irudi seinalatuak dira, denboraldi osoko sinbolo aztoragarriak. Irudien gorritasunak, ordea, apenas duen zerikusirik gainerako minutuetako tonu hotzekin.

«Ama bazara, ezingo duzu arrakastaren bidea urratu». Ez da telesaileko esaldi bat, baina edonoiz irten liteke Hollywoodeko izar protagonistaren bizitza banpiro modura zurrupatzen duten pertsonaien ahotik. Kim Kardashian da bat; haren bidez, sortzaileek modu esplizituan kritikatu dute ospeak eliteko mundu lehiakorrean eragindako presio itogarria.

Ez da izar bakarra. Emma Roberts aktore protagonista aspaldiko aurpegi ezaguna da telesailaren zaleentzat, baina kasu honetan rola are esanguratsuagoa da istorioarentzat, eta ezin pertsonalagoa beretzat, kontuan izanik azken urteetan, endometriosia tarteko, egundoko zailtasunak izan dituela ama bilakatzeko.

Hala ere, hau American Horror Story da. Plano kontrapikatuak, konposizio desorekatuak eta izualdi galantak. Oraingoan, ahulgune dira eszenen trantsizio behartuak eta joera narratibo errepikakorrak. Indargune, telesailak berreskuratu duen misterioa. Bost atal izango dira orain, eta gehiago 2024an. Batek daki noiz eta zenbat. Promoziorako diskrezio harrigarria, hamabigarren denboraldia estreinatu duen telesail batentzat.

FITXA

  • Sortzailea. Halley Feiffer. 
  • Aktoreak. Emma Roberts, Kim Kardashian, Cara Delevingne, Matt Czuchry eta Denis O'Hare.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2023.
  • Non ikusi. Disney Plus eta Canal Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 40 minutu.
  • Generoa. Thrillerra. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.