Komunikazioa. Ekografiak

Beranduegi ni ere

Aritz Galarraga.
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hainbat egunez euskal gatazka mintzagai izan ondoren, noan gauza serioez hitz egitera orain. Zalantza izan dut irakurtzen ari zaren testu hau idatzi, ez idatzi: hemen aitatuko dudan saioko lagunak horixe direlako, lagun; batzuk bai behintzat, eta ezagun besteak. Zalantza txoroa da, bidenabar: egiten dutena ondo egiten badute, lagunak izan arren, iruditzen zait zuzena esatea dela. Eta ez badut esaten lagunak direlako, zer ateratzen dut egoera honetatik? Bada, injustua izaten ari naizela. Ez baititut hemen aipatzen lagun direlako, egiten dutena ondo egiten dutelako baizik.

Beranduegi, beraz, ni ere, baina Beranduegi saioaz aritu nahi dut orain eta hemen. Argia aldizkariko jendea dago horren atzean, bertako hainbat kazetari, eta argia.com web gunean du leiho nagusia, asteartero jartzen baitute kapitulu berri bat hor, atzo 33.a —aurtengoa dute bigarren denboraldia—. Baina ez da leiho bakarra: Hamaika telebistak eta Goienak ere sartzen dute saio hau euren programazioetan. Ohiko telebista bideetatik ere ikus daiteke, ondorioz, Beranduegi —Interneten baino beranduago, hori bai—.

Saioak errepikatzen du beti eskema. Lehen minutuak informatibo moduko batek betetzen ditu: gaur-gaurko gaiak umore ikuspegitik begiratzen dituzte Gorka Bereziartua eta Unai Brea kazetariek, txukun demonio, gorbata eta jaka beltzez jantzita. Saioko atalik aipagarriena da, nire uste makalean, gisa horretako notizia tarte satiriko bat beharrezkoa dugulako gure ikus-entzunezkoen panoraman. Eta, gainera, onena, asmatu egiten dutela, gauza zaila dena oso, umoreaz ari bagara.

Jarraian, trantsizio modura, Asisko Urmenetaren marrazki bat sartzen dute, eta ikusleek bidali behar diote testua, posta elektronikoz. Saioko tarte parte-hartzailea da, baina betelana egiten du, nahiz eta Asiskoren marrazkiak beti diren Asiskoren marrazki: delizia hutsa. Eta gero, formatu klasikoagoa hartzen du saioak, pertsonaiaren bati eginiko elkarrizketaren bat, erreportajeren bat —off-eko ahotsa, irudi sorta estatiko-dinamikoak—, paperean argitaratutako lanen osagarri direnak horiek guztiak.

Azken buruan, saio txukuna da Beranduegi, berez paperekoa den hedabide batek Interneterako eginiko ahalegina, ikus-entzunezkoarekiko apustua. Etorkizun hurrean paperezko hedabide tradizionalek har dezaketen bidea iradokitzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.