Azken asteetan Gros auzoan egin dituzte probak, Ategorrieta eta Kolon pasealekuan. Autoekin aurrena, eta konpainiako autobusekin gero. Emaitzek zirkulazioa arintzeko sistema lagungarria izan daitekeela erakutsi dute, eta urtea bukatzerako erdialdeko 14 gunetan jarriko dute sistema: Urbieta, Easo, Askatasunaren hiribidea, San Martin, Etxaide-Okendo ardatza, Zurriola, Kolon pasealekua, Mirakruz, Antso Jakituna eta Madril eta Tolosa hiribideetan.Kale horietan, semaforoa duten 65 gurutzebide daude, eta horietara guztietara konektatuko dute sistema, hiriko autobus linea gehienak pasatzen baitira gune horietatik.
Azken urteetan autobus bideei emandako kilometro kopurua handitu egin da hirian, eta horrek orduko 15 kilometrotik 17 kilometrora igo du autobusen abiadura. «Sistema berriarekin, orduko 19-20 kilometrora iristea espero dugu, Europako hiri nagusietan tranbiek duten batez bestekoaren parera, hain zuzen», argitu du Donostiako Mugikortasun saileko zuzendari Gerardo Lertxundik.
Sistemaren mugak
Sistema informatikoak herramanetan jartzen ditu autobusen GPSa eta semaforoak kontrolatzen dituen zentrala. «Berdeak luzeago edo laburrago iraungo du, autobusak zehaztutako ordutegiaren aldean duen aurrerapen edo atzerapenaren arabera», azaldu du Lertxundik. SAE sistemak egiten du hori posible. Autobus bakoitza unean-unean non dagoen erakusten du sistema horrek, eta ibilgailu bakoitzaren egoera zehatza jakinarazten du.
Semaforo sistema abian jartzeko, ordea, hainbat baldintza bete behar dira. Bi minututik gorako atzerapena duten autobusekin soilik aplikatuko da. «Autobus batek bost minutuko atzerapena badu, adibidez, SAE sistemak jakinaraziko du hori, eta autobusa sistema aplikatuta dagoen semaforoetako batera iristen denerako informazio hori zirkulazioa kontrolatzeko udal gunera iritsiko da. Horrek modua emango du segundo batzuen aurrerapenarekin gorri dagoen semaforoa berdera pasatzea, edo berde dagoena gorri beranduago jartzea», dio Lertxundik. Autobusaren atzerapena murriztuko luke horrek.
Sistemak baditu mugak, ordea; oinezkoek errepidea gurutzatzeko behar duten gutxieneko denbora, esaterako. Horiek horrela, hamar segundo laburtuko da gehienez semaforoak aldatzeko zikloa, eta oinezkoek apenas igarriko dioten denbora aldaketari, Lertxundiren arabera.