Ezarian. Basoen urtea

Berdetasunak, hainbat tonalitate

2011 Basoen Nazioarteko Urtea izendatu du NBEk. Euskal Herriak bere eremuaren %60 basoz estalirik edukita, badu arrazoirik ospakizun horrekin bat egiteko, baina nolakoak dira gure basoak? Zuhaizti guztiak ez baitira berde berdinekoak...

Pinudiek hartzen dute Gipuzkoako eta Bizkaiko basoen gehiena. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Baso eta erreka auzo, hau ez duen etxea gaizto», dio esaera zaharrak. Eta Euskal Herria oraingoz ez da gaizto, eremuaren %60 inguru basoz estalita baitauka. Hego Euskal Herrian basoek eremuaren %60tik gora betetzen dute, eta Ipar Euskal Herrian mendietako eremuaren hiru laurdenak baino gehiago hartzen ditu basoak, hiru probintzietako eremuaren %25,34. Gure ingurura begiratuz gero, basoa besterik ez dugula ikusten esan dezakegu, hortaz; baina lekuan lekuko ereduak azpimarratu behar dira, baso guztiak ez baitira berdinak.

Kantauri isurialdean daude Bizkaia eta Gipuzkoa. Bertako basoen eredua hazkunde azkarra duten zuhaitzen landaketetan oinarritzen da batez ere. Kasu horietan gailentzen diren espezieak intsinis pinua eta eukaliptoa dira. Landaketen inguruan bi lurraldeetan ematen diren datuak adierazgarriak dira, gainera: Bizkaiko basoen hiru laurdenak era horretako basoak dira, eta Gipuzkoan, berriz, erditik gora. Bi lurraldeetan basoen jabetzaren hiru laurdenetik gora esku pribatuetan dago, eta «jabeek etekina atera nahi dutelako egiten dira landaketa horiek batez ere», Miren Onaindia EHUko Biologia eta Ekologia Saileko katedradunaren hitzetan. Europan baso gehien duten lurraldeetakoak diren arren, landaketek «hedadura handiegia hartu dute», Onaindiaren ustez.

Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko mendietako oihanen eredua bestelakoa da, ordea. Bertako zuhaitz espezieak gailentzen dira, pagoa eta haritza batez ere. Baso zahar ugari daudeMediterraneo isurialdean, eta, horretarako, garrantzi handia dauka basoak publikoak izatea, eta halaxe dira gehienak hor. Nafarroan basoen erdiak baino gehiago herri lurrak dira, Araban %82 eta Ipar Euskal Herriko mendietako basoen %40 inguru dira publikoak. Hiru gune horietan, gainera, baso eta oihan aipagarri ugari daude: Iratiko oihana esaterako, Nafarroa Garaia eta Zuberoa artean, Europan ondoen mantendutako pago eta izei basoa da; Arbailako basoa, Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean,Europako interesguneetako bat da; Arabako baso publikoen %88, bestetik, Natura 2000 Europako ekologia sarean sartuta daude; basoen biodibertsitatea bermatzeko sarean, hain zuzen; eta ildo berean, Nafarroako basoen %60 biodibertsitatea mantentzeko baso ordenantza baten menpe daude. Horretaz gain, basoen erdiek ziurtagiriren bat daukate. Onaindiaren hitzetan, «kontserbazio ikuspegitik gune horretako basoek ez daukate inongo arriskurik».

Antzinako testigantzak

Antzinako euskal lurraldeetan nolako basoak zeuden jakiteko, erromatar garaitik horren arrasto batzuk dauzkagu. Arrasto horien arabera, Mediterraneo isurialdean gaur egun dauden baso zaharren antzekoak izango ziren euskal basoak. Argibide horien inguruan honela idatzi zuen Koldo Mitxelena hizkuntzalariak: «Akitanian aurkitutako erromatar garaiko harlanduetan agertu ziren inskripzioak gaurko euskarazko arbola arruntaren izenen bidez argi ditzakegu». Lau hitz bildu zituen Mitxelenak inskripzio haietan: arixo, artehe, fago eta leheren. Eta hitz horiek honela itzuli zituen hizkuntzalariak gaur egungo hizkuntzara ekarrita: arixo haritz, artehe arte, fago pago eta leheren leher (pinu). Erromatar aroan idatzitako hitz horiek euskaraz idatzitako lehen baso testigantza modura har daitezke, eta erakutsi gaur egun dauden baso batzuen antzekoak izan zitezkeela.

Garai batean izan ziren basoen beste testigantza zuzen bat toponimian topa dezakegu. Horrek leku zehatz batzuetan bere garaian egon ziren basoen lekukotza erakusten digu. Zumarraga, Sarasketa, Erkiaga, Aginaga, Lizardi, Itsasondo edo beste hainbeste euskal toponimo, izen eta abizenek garai batean izandako basoak gure egunetaraino ekartzen dituzte.

Babesetik arriskura

Mendeetan basoen garapenean gizakiak ez zuen eskurik sartzen, nahiz eta ustiaketak egiten ziren. XVI. mendean zuraren erabilera areagotu egin zen, ontzi eta etxeen eraikuntzak gora egin baitzuen. Hala ere, garai haietan basoak babesteko ordenantzak atera ziren, eta horren adibide, Dominique Beheti abade zuberotarrak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako oihanak babesteko onartu zuen legea.

Edozein modutan dela ere, garai haietan Euskal Herrianbasoak murrizten hasi ziren, harik eta XIX. mendeko ustiaketa etorri zen arte. Garai haietako dokumentuetan oraindik lizardi, ezkidi eta zumardien berri ematen zen, baina kopuruz asko jaitsi ziren. Une historiko horretan, hariztiek eta gaztainadiek izan zuten kalte nabarmenena, «herrietatik gertuen zeuden basoak baitziren, eta horiek hazten zihoazen heinean, basoak galtzen joan ziren», Onaindia katedradunaren hitzetan.

XX. mendearen hasieran egoera asko kaskartu zen, basoen zaintza jaitsi egin baitzen, haien balioa bezalaxe. Basoak desagertuta, larreak geratu ziren, eta ordura arte ezer ez zegoen lekuetan intsinis pinuak landatu ziren. «Landaketa horiek hasi zirenean, sastrakaren ordez pinuak egotea ona izan zen», azaldu du Onaindiak. Mendean aurrera egin ahala, nekazaritza ere alboratuz joan zen, eta ordura arteko soro ugaritan pinuak landatu ziren. «Denborarekin gehiegi zabaldu zen pinua, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian», zehaztu du Onaindiak.

Intsinis pinua eta eukaliptoa

Intsinisa gurean egoki moldatu den zuhaitza da, lurralde ezberdinetako bere hedadura ikusiz gero. Klima epeletara egoki moldatzen den zuhaitz mota da, 20-25 urteko zikloetan moztu daitekeena. Kalifornia ingurukoa da, eta bere kabuz hazten den lekuetan, gure hariztien antzeko basoak eratzen ditu: hau da, irekiak, adin desberdineko zuhaitzez eratuak eta dibertsitate handikoak. Euskal Herrian landatzen direnean, ordea, ez da horrela gertatzen, sailean eta denak batera landatzen baitira. Hori dela eta, lurrera iristen den argia eskasa izaten da, eta landareen aniztasuna urria izaten da. Horretaz gain, pinuek ur asko xurgatzen dute eta lurrari propietate asko kentzen dizkiote, eta, hala, basoetako biodibertsitatea kaskartu egiten da.

Baina lur zoruak potentzialitate handia dauka, eta baita memoria ere. Izan ere, pinua 20-25 urte ingururekin heltzen denean, «berezko basoaren espezieak agertzen hasten dira lur zoruan», dio Onaindiak. Hori dela eta, baso naturalen berreskuratzeaz hitz egiten denean, pinuen azpitik has daitekeela dio Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak. «Mozketa selektibo bat eginez gero, hor azpian agertuko da berezko basoa».

Eukaliptoa kopuruz intsinis pinua a baino urriagoa da Bizkaian (basoen %8), baina kalte handiagoak sortzen ditu biodibertsitateari dagokionez. Mozketa epea 10-15 urte artekoa da, eta argirik ez da igarotzen; «hor bai ez dela ezer ateratzen, eta, gainera, lehengoratzeko aukerarik ere ez dago», dio Onaindiak. Basoak mozten direnean, gainera, ez dago berriro eukaliptorik landatu beharrik, bera bakarrik ateratzen baita. «Horrek arazo handiagoak dakartza, eta haren aurka lan egitea zaildu».

Lehengoratzeko politikak

Bi zuhaitz espezie horiek Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen dituzten kalteei buelta ematea badagoela uste du Onaindiak. «Erakundeek diru laguntzak ematen dizkiete pinudiak landatzen dituztenei; beraz, politika hori berriz aztertu egin beharko litzateke», dio. Jabetza pribatuko lur sailak bereganatuz, lekuan lekuko zuhaitz motak landatzea proposatzen du EHUko katedradunak.

Bertako baso naturalei dagokienez, Arabako Foru Aldundiak kezka erakutsi dute abeltzaintza estentsiboaren desagertzearekin batera, horrek ondorio latzak ekar baititzake basoen egungo egoeran. Baina aukerak ereikusten dituzte, petrolioaren eskasiak mendietako egurraren salmenta ere igo baitezake, eta, hala, basoak berriz errentagarri bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.