Beroari aurre egiteko hamar aholku

Tenperatura nabarmen igoko da gaurtik aurrera Euskal Herriko txoko guztietan. Araba eta Nafarroa hegoaldean alerta horia ezarri dute tenperatura altuengatik.

Ume bat beroari aurre egiteko urarekin freskatzen. EDUARDO OYANA, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 2a
12:49
Entzun

Abuztua ailegatzearekin bat tenperaturak nabarmen igo dira Euskal Herrian. Aspaldi ez bezalako eguraldia iragarri du Euskalmetek hurrengo aste hasiera arte. Gaurko eta biharko, gainera, Nafarroa eta Araba hegoaldean alerta horia ezarri du Euskalmetek tenperatura 35ºC-tik gora igo daitekeelako.

Bero handiko egun hauetan fresko egotea izaten da herritar anitzen nahia. Horretarako, jarraian dituzue hamar aholku bero handiko egun hauetarako:

-Ongi eta asko hidratatu. Hidratatuta mantentzeko onena ura da. Zaporea pixka bat aldatzeko limoia edo mentarekin ere edan daiteke. Teak edo infusio hotzek ere hidratatuta mantentzen gaituzte. Bestela gertatzen da garagardo edo ardoarekin, alkoholdun edariek deshidratazioa eragiten baitute.

-Bero handieneko orduetan, 12:00etatik 17:00etara ez egin esfortzu fisikoa eskatzen duen ariketarik. Egitekotan, beti itzaletan eta ongi hidratatuta.

-Babestu zaitez eguzkiaren zuzeneko izpietatik. Erabili txapela burua babesteko eta eguzkitara atera baino lehen eman krema. Haurren kasuan krema maizago eman.

-Dutxa hotzik ez hartu. Askotan pentsatu izan da dutxa hotz batek freskatzen lagunduko digula. Kontrako efektua lortzen du, ordea, ur hotzak. Ura gure gorputzeko tenperatura baino baxuagoa denez, gorputzak bere barruko tenperatura igoko du eta dutxatik atera orduko bero sentsazioa areagotu egingo zaigu. Dutxa epela hartzeak freskotasun sentsazioa emango digu.

-Kotoizko arropa erabili, ahal dela gorputzari itsasten ez dena. Lihozkoak ere ez du bero gehiegi ematen. Kolore argiak hautatu, kolore ilunek eguzkiaren beroa xurgatzen baitute.

-Etxea ongi aireztatu goizean zein gauean: Eguneko unerik freskoena erabili etxea aireztatzeko. Etxeko leihoak irekiz saiatu haize korrontea egiten. Haizea freskoago sartzeko jarri toalla busti bat leiho hauetako baten ondoan eta tapatu partzialki. Honek sartzen den haizea freskoagoa izatea ekarriko du. Goizean aireztatzen bada, aireztatu bezain pronto itxi leihoak kanpoko beroa sar ez dadin. Leihoak isteaz gain pertsianak ere jaitsita uzten baditugu etxea freskoago mantenduko da.

-Etxeko bonbillak aldatu: Ohiko bonbillek uste baino bero handiagoa ematen dute. Ahal dela bonbilla arruntak kendu eta kontsumo baxukoak jarri hauek bero gutxiago botatzen dutelako, gutxiago kontsumitzeaz gain.

-Alfonbrak kendu. Etxean ditugun alfonbrek beroa botatzen dute. Gorputzak lurrarekiko duen zuzeneko kontaktuak freskotasun sentsazioa areagotzen du.

-Etxetresna elektrikoak dira etxean bero gehien botatzen duten bertze objektuetako batzuk. Ahal dela, etxetresna hauek —garbigailua eta ontzi garbigailua erraterako— gauean jarri.

-Janaria prestatzean, ahal bada, sukaldeko atea itxi suak botatzen duen beroa etxeko bertze geletara ez igarotzeko. Labea da bero handien botatzen duen etxetresna. Etxea fresko mantentzeko saiatu labea ez erabiltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.