Ezarian. Udako musika jaialdiak

Beroari aurre egiteko melodiak

Urtero bezala, uda iristearekin batera musika jaialdi ugari egingo dituzte han eta hemen Euskal Herrian. Estilo guztietako musikariak ariko dira, kanpokoak eta hemengoak.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Beroarekin, hondartzarekin eta musikarekin lotzen da uda. Eta, nola ez, baita zuzeneko emanaldiekin ere. Euskal Herri osoan horretarako aukera handia izango da datorren asteburuan hasi eta uda amaiera arte. Rock, pop, jazz, blues eta beste hamaika estilotako musikariak igoko dira agertokietara. Eta horiek ikusteko aukera jaialdietan egongo da.

1. Azkena Rock Festival

Rock klasiko eta gogorraren jaialdia da Azkena Rock; Gasteizko Mendizabalako lautadan egiten da, eta 11 urte beteko ditu aurten. Beste behin ere, talde beterano eta historikoak izango dira jaialdiko buru. Black Sabbath heavy metalaren hastapenetako taldea etortzekoa zen hasiera batean, baina Tony Iommi gitarra jotzailearen osasun arazoak zirela eta, taldea karteletik kendu behar izan zuten antolatzaileek. Ozzy Osborne izango da ordezkoa, Black Sabbatheko lehen abeslaria, eta talde mitikoaren kantuak joko ditu Ozzy & Friends izenpean. Baina ez da izango Mendizabalan egongo den talde historiko bakarra. Besteak beste, Twisted Sister, Blue Oyster Clut, Status Quo ere Lynyrd Skynyrd ere arituko dira.

Talde beteranoek egungoekin partekatuko dute agertokia, hainbat aldaera jorratzen dituztenekin. Dropkick Murphys, The Mars Volta, My Morning Jacket, Black Label Society, Graveyard, Danko Jones, Gallows, The Darkness eta The Screaming Tribesmen, besteak beste. Horien artean, Lisabo, Willis Drummond eta Porco Bravo euskal ordezkariak egongo dira. Azkena Rock jaialdia datorren ostegunean hasiko da, hilaren 14an, eta larunbatean amaituko da.

2. Getxo Blues

Algortako (Getxo, Bizkaia) Biotz Alai plaza, beste urtebetez, nazioarteko blues musikari entzutetsuen agertoki bihurtuko da. Ekainaren 21etik 23ra bitartean egingo da Getxo Blues jaialdia, eta honako artista hauek beteko dute aurtengo jaialdiko kartela: Elvin Bishop blues elektrikoko musikari entzutetsuak, Dana Fuchs abeslariak eta Joe Louis Walker gitarra jotzaileak. Horiekin batera, The Romanticos eta Mr. Groovy and The Blue Heads taldeak ariko dira, The Piper's Irish Pub tabernan, doan.

3. EHZ

Ipar Euskal Herrian egiten den musika festibal honek 17. urtea izango du aurten, eta ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean izango da. Ohikoa bihurtu den filosofiari jarraipena emango diote; hau da, euskal kultura eta euskara babestea, ingurumenaren alde egitea eta kapitalismoaren eta gain kontsumoaren gizarte kritika egitea. Ildo horri eutsiz, nazioarteko bi talde entzutetsu ekarriko dituzte Heletara (Nafarroa Beherea). Raparen hastapenetako Public Enemy talde estatubatuarra, batetik, eta Sepultura metalaren atalean ezinbestekoa den taldea, bestetik.

Haiekin batera igoko dira taula gainera The Bloody Beetroots DJ Set, Sleeppers, 17 Hippies, Youssoupha, Bebe eta Raggasonic nazioarteko taldeak. Baina euskal musikariek ere presentzia azpimarragarria izango dute Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Bertan izango dira Su Ta Gar, Matxura, Lisabo, Esne Beltza, Vendetta, Laket, Cobra, Moi Moi eta Anai Arrebak. Estilo aniztasunaren lekuko izango da beste behin Heletako jaialdia.

4. Getxo Jazz

Bluesak ez ezik, jazzak ere izango du txokoa Getxon. Uztailaren 4tik 8ra egingo da jaialdia, eta Wayne Shorter saxofoi jotzailearen laukotea izango da bertako talde nagusia. Larry Carlton beteranoak zabalduko du jaialdia, eta azken boladan jazzean izan den errebelazioa ere etorriko da: China Moses. Horiez gain, Mike Sternen jazz fusioko doinuak eta Richard Bona baxu jotzaile eta multi-instrumentista ere izango dira Getxoko Jazz jaialdiaren 36. aldian. Urte askotako esperientzia du festibalak, eta, urtetik urtera, oinordekotza horri eusten jarraitzen du.

5. Bilboko BBK Live

Bilboko jaialdiak ere estilo aniztasunari egingo dio lekua. Zazpigarren aldian, The Cure taldearen new wave doinuak ez ezik, Snow Patrolen pop doinuak eta Sum 41en punk melodikoa ere entzungo baititu entzuleak. Kobetamendiko jaialdiak beste behin ere puntako taldeak ekarriko ditu, nazioartean entzutetsuak direnak. Aipatutakoez gain, Block Party, Radiohead, The Maccabees, The Kook, Garbage, Keane, Enter Shikari, Vetusta Morla eta The View arituko dira, besteak beste. Euskal taldeek ere joko dute nazioartekoekin batera agertoki nagusietan, Belakok eta Zea Maysek, hain zuzen ere.

Agertoki handietatik aparte, karpa txiki bat ere egongo da, azken urteetan bezala, beste talde batzuei leku egiteko eta beste giro bateko kontzertuak eskaintzeko. Triangulo de Amor Bizarro, Lauroba, La Habitacion Roja, Bigott eta Ciudadano Kaneren kontzertuak izango dira, besteak beste, Vodafone karpan. Uztailaren 12tik 14ra egingo da Bilboko BBK Live.

6. Hondarribia Blues

Pixkanaka hazten ari da Hondarribian (Gipuzkoa) egiten duten blues jaialdia. Zazpi urtez dihardute antolakuntza lanetan, eta urtetik urtera jende gehiago biltzen da. Doako kontzertuak izan ohi dira, herrian zehar jarritako zenbait karpatan. Uztailaren 12tik 15era izango da, eta aurten ere eskaintza zabala antolatu dute. Huckleberry Finnekin hasiko da jaialdia, eta ondoren iritsiko dira J.W. Jones, Eric Sardinas, Robert Cray, Sharrie Williams, Claps for Clapton, Playing for Change eta beste hainbat. Asteburuko bi egunetan, herri bazkariak egingo dira, eguerdian bertan ere giroa izateko, eta, arratsaldez, kontzertu pedagogikoak egingo dituzte gaztetxoentzat.

7. Gasteizko Jazz jaialdia

36 urteko esperientzia eta eskarmentua dauka Gasteizko Jazz jaialdiak. Puntako musikariak ekarri dituzte aurten ere, eta Donostiako Jazzaldiarekin batera, jazz musika atsegin dutenek galdu ezingo duten saioa izango da. Hala ere, bietako baten aldeko apustua egin beharko du entzuleak, aurreko urteetan ez bezala, bi jazz jaialdiek egun batzuetan topo egingo baitute. Gasteizkoa uztailaren 16tik 21era izango da, eta Donostiakoa hilaren 19an hasiko da. Mendizorrotzako kiroldegian egongo diren emanaldi garrantzitsuenak, gainera, egun horietan izango dira. Esate baterako, Gilberto Gil musikari brasildarra, Pat Metheny Unity Band eta Sonny Rollins saxofoi jotzaile historikoa.

Talde nagusiez gain, apurka ezagun bihurtzen ari diren artistak izango dira Gasteizen. Besteak beste, Ibrahim Maalouf, Ambrose Akinmusire eta Soul Rebels taldeek girotuko dituzte uztaileko gauak.

8. Donostiako Jazzaldia

Hamaika agertokik leku emango diote aurtengo Donostiako Jazzaldiari. Uztailaren 19an hasiko da, eta 23an bukatu. Gasteizko artistekin lehiatzeko moduko eskaintza izango du, gainera; besteak beste, Melody Gardot, Miles Smiles —Miles Davis tronpeta jotzaile ezagunaren tributo taldea—, Madeleine Peyroux eta Antony and The Johnsons and Et Incarnatus Orkestra ariko baitira. Denetariko eskaintza izango da, eta doako emanaldiak zein ordainpekoak izango dira. Zurriolako hondartzan, esaterako, The Waterboys, The Wedding Present, Gary Clark Jr., Giranice eta Peachy Joke taldeen emanaldiak ikusi ahal izango dira.

Donostian amaituko da uda honetan Euskal Herrian izango den musika eskaintza zabala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.