Urratsez urrats, herriz herri doa indartzen BERRIAlagunen komunitatea. Lagunez lagun. 3.700 pertsona baino gehiagok egin dute bat orain arte BERRIAren Zure ziztada behar dugu kanpainarekin, eta pixkanaka gorantz doa kopurua. Lakuntzan (Nafarroa) bihar egingo duten ekitaldiaren gisakoei esker egingo da hori. Merendua antolatu du Sakanako BERRIAlagunen taldeak BERRIA egunkariaren alde.
20:00etan hasiko da ekitaldia Pertza elkartean. Jon Maia eta Eneko Lazkoz bertsolariek saioa eskainiko dute merendu bitartean. Bertako ekoizleei esker osatuko dute otordua. Izan ere, Sakanako gazta eta txistor ekoizleek emandakoak izango dira mahai gainean egongo diren jakiak. Esker ona agertu diete horregatik antolatzaileek Sakanako Jaunane, Beriain, Uharte, Poke, Albi eta Lerrezabal gaztagile eta Arbizuko Flores Arbizu eta Laket txistor ekoizleei.
Txatalez txatal osatutako festa izango da, antolatzaileek azaldu dutenez. «Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat dokumentalak erakusten duenez, zati bat, ale bat, ziztada bat oso garrantzitsua izan daiteke. Ideia horrekin sortu da BERRIAren aldeko bertso-merendua. Bi bertsolarik, sei gaztagilek eta hiru txistorgilek euren ziztada emango dute tarte atsegin bat pasatzeko». BERRIAlagunen komunitatea zertan den ere azalduko dute bilkuran, eta egunkariaren aldeko ziztada egiteko gonbita zabalduko dute jende artean.
Sakana inguruko Guaixe aldizkaria eta Beleixe irratia ere laguntza biltzeko kanpainan dabil buru-belarri Bierrik fundazioa. Izan ere, estua da haien egoera ere. Zure ziztada behar dugu kanpainak bertako hedabideei kalterik ez egitea izan da asmoa, horregatik. Castillo Suarez idazlea da biharko festaren antolatzaileetako bat, eta hark eman du azalpena: «Ez genituen bi kanpainak elkartu nahi; bakoitzak bere bidea egitea nahi genuen». Horregatik hautatu dute biharko eguna merendua egiteko.
Ez da biharkoa izango Sakanan BERRIAren alde egingo den ekitaldi bakarra. Ruper Ordorikak ere kontzertua eskainiko du azaroaren 10ean, Altsasun (Nafarroa), Iortia Kultur Etxean, Zure ziztada behar dugu kanpainaren barruan.
Ilusioa eta egoera estua
«Pozik» dago Jose Anjel Aldai BERRIAlaguna kanpainaren koordinatzailea orain arte jasotako erantzunarekin. «Ilusioz» ari dela dio, eta ilusio hori transmititzea da helburua, baita egoera estua izanik ere. Izan ere, aurten espero baino apalagoak izan dira diru sarrerak, eta 14 lanpostu kendu ditu egunkariak. Hilabeteko sari bat gutxiago jasoko dute langileek eta murriztu egin dira zenbait gehigarritako eta igandeko egunkariaren orri kopurua.
BERRIAren aldeko jaia izango da bihar Lakuntzan
Jon Maia eta Eneko Lazkoz bertsolariek saioa eskainiko dute merendu bitartean, Pertza elkartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu