Berrikuntza, elkarlanean

Conexiones Improbables ekimenak Gipuzkoako lau enpresa elkarlanean jarri ditu hainbat artistarekin, ikuspegi berrien bitartez proiektu berritzaileak garatzeko.

Paola Tognazzi artista multimediak Grupo i68 enpresarekin lankidetza egin du Conexiones Improbables jardunaldietan. JON URBE / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Paola Tognazzi artista besoak eta gorputza mugitzen, dantzan, eskuetan iPhone bat duela. The Swell Season taldearen Falling Slowly abestiarekin jolasean ari da: abiadura eman, moteldu, bolumena igo... guztia bere gorputzarekin. Hori dena uhin bidez islatuz doa pantaila batean. Haren ondoren unibertsitateko ikasle batek egin du proba, asmo berberarekin, lotsagabe, baina emaitza kaskarragoa lortu du.

Antzezpen artistiko berritzaile bat dirudi, baina ez da antzezpen soila. Grupo i68 enpresarekin elkarlanean ari da Tognazzi. Software ingeniaritza jorratzen duen erakunde hori eta artista multimedia elkartu egin dira, softwarea gizatiartzeko. Lankidetza Conexiones Improbables ekimenaren barruan egin dute.

Ipar-Aurora programa erabili du Tognazzik. Gorputzaren mugimenduaren bidez gizarte interakzioa irudikatu du, arkitektura dinamikoak marraztuta. Softwarearen erabilgarritasunaren garrantzia erakustea eta sustatzea du helburu. Unibertsitateko 40 bat ikasle ari dira ekimenean parte hartzen, eta bost pertsonako taldeetan nolako ordenagailua izan nahiko luketen irudikatzen hasi dira.

Ustez aldenduta dauden bi mundu elkartu dituzte Conexiones Improbables jardunaldietan: enpresak eta artista sortzaileak. Gipuzkoako lau erakunde—Fagor, Tknika, Grupo i68 eta Obe Hettich— elkarlanean jarri dituzte hainbat artistarekin berrikuntzarako laborategi irekietan, hausnarketaren bidez bide berriak irekitzeko asmoarekin. Artistek ikuspegi berria dakarte, eta hori enpresetan txerta daitekeela uste dute jardunaldietako antolatzaileek.

Gizartearen ekarpena eta parte hartzea ezinbestekoa da enpresen etorkizunerako. Horregatik, ekimenean egon diren lau enpresek arbel bana dute laborategi irekian, ideia lagungarriren bat dutenek brainstorming bidez beren ideiak irudikatzeko.

Hasiera batean erakunde bat artista batekin elkartzeak harridura sor dezake, baina, Tognazziren iritziz, «beharrezkoa» da horrelako lankidetzak sustatzea. «Artistak sortzaileak dira, eta egunero beren burua entrenatzen ari dira are sortzaileago izateko. Enpresak, burokraziagatik edo, zurrunagoak dira, eta ez dute aukerarik izaten horrelako jarduerak egiteko». Argi du Tognazzik: «Enpresak lehiakorra izan nahi badu, berritzailea izan behar du; bestela atzean geratuko da».

Jarraipena, Bizkaian eta Australian

Gaur amaituko dira tailerrak, Obe Hettich altzarien erabilgarritasuna errazteko teknologiak garatzen dituen enpresaren eta Diego Soroa arkitektoaren lankidetzarekin. Igor de Quadra eta Matxalen de Pedro dantzariekin bat egingo dute tailerra. Abian dauden hainbat proiekturen aurkezpenak emango die bukaera jardunaldiei.

Donostiako jardunaldiek azaroaren 2tik 8ra izango dute jarraipena, Bizkaian. Lauaxeta ikastola, DeustoTech, Ipar Uribe eta Anesvad fundazioa izango dira parte hartzaileak. Proiektuaren lehen edizioa abenduaren 9an amaituko da, German Sanchez Ruiperez fundazioak Melbournen (Australia) egingo duen erakustaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.