Berrikuntzarako gaitasuna frogatu dute 350 euskal ikaslek

First Lego League lehiaketako finala 'Elikadura eta segurtasuna' lelopean egin dute

First Lego Leaguek elikagaien segurtasunean lan egin du. JON HERNAEZ/ ARP.
Zamudio
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Urduritasun, poz eta tartean malkoren batekin egin zuten atzo FLL First Lego League lehiaketa Zamudioko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia parkean. Guztira, 1.500 lagun inguru bildu ziren. Euren egitasmoekin zientzialari, teknologo eta ikertzaileen harrobia direla erakutsi zuten. Ikasleei harrotasunez begira, irakasleak, entrenatzaileak eta behin eta berriro argazkiak ateratzen zebiltzan gurasoak. 9 eta 16 urte bitarteko 350 ikaslek parte hartu zuten. Gizpuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hirugarren finala izan zen atzokoa. Sailkapeneko lehenengo hiru taldeak Espainiako finalera igaroko dira. Iragan urtean Bilbon egin zuten finala, eta 2012ko martxoan, berriz, Iruñean egingo dute.

Erlojuaren kontra borrokan

08:30etik 15:30era bitartean egin zuten lehiaketa, eta lau betebehar zituzten partaideek: proiektu zientifikoa aurkeztu, epaimahaiaren aurrean proiektu teknikoa defendatu, robot bat lego piezekin eraiki eta agindu batzuk betetzeko programatu. Ondoren, beste taldeekin lehiatu eta talde-lana egiteko kapaz zirela erakutsi behar zuten. «Kirioak dantzan dituzten bi minutu eta erdian haiek diseinatutako robotek lehiaketan planteatutako helburuak lortu behar dituzte», azaldu zuen Koldo Olaskoaga epaileak. «Esaterako, bakteriak desager daitezen eskuak garbitu, arrain handiak arrantzatu txikiak bakean utziz, arratoiak harrapatu edo elikagaiak era egokian garraiatu».

'Elikadura eta segurtasuna'

Lehiaketaren leloa Elikadura eta segurtasuna izaki, elikaduraren segurtasuna bermatzeko proiektuak aurkeztu zituzten gaztetxoek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen artean lehen saria Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko LS Bideluze taldeak eskuratu zuen. «Nekatuta baina oso pozik gaude. Duela lau hilabete hasi ginen dena prestatzen, eta azken astea gogorra izan da, baina merezi izan du», azaldu zuen Iñigo Amenabar taldeko entrenatzaileak. Orain bi urte, Espainiako txapelketa irabazi, eta Istanbulen egin zuten mundu mailako finalera heltzea lortu zuten. Iaz, berriz, haien proiektu zientifikoak saria lortu zuen. «Ikasleek Érase una vez marrazki bizidunetan oinarritutako antzezlan baten bidez egin diote proiektuaren aurkezpena epaimahaiari. Bata jakintsuz jantzita, bestea germenez... benetan bitxia izan da», azaldu zuen Amenabarrek. Intoxikazioak saihesteko egitasmoa zen aurkeztutako proiektua. «Iruditzen zaigu aitona-amonek dituztela jateko orduan arazo gehien. Horregatik, tupperware bat sortu dugu; han sartzen dugun janariaren mikroorganismoen ATP kantitatea kalkulatzen du luminometroen bitartez».

Bigarren saria Donostiako Axular lizeoak irabazi zuen. «Ogia aztergaitzat hartuz, arriskuak aztertu eta soluzioak garatu ditugu». Iaz Holandako Delft unibertsitatetik deitu zieten haien proiektu zientifikoaz galdezka.

Espainiako finalera pasatuko den hirugarren taldea Leioako Gaztelueta ikastetxeko taldea izan da. Toxinek kalte egindako elikagai batetik bestera ematen den kutsadura aztertu dute.

Robot lehiaketako Koldo Olaskoaga epaileak nabarmendu zuen FLLtik zenbait ideia berritzaile atera eta batzuk gauzatu egin direla. «Axular lizeokoek iaz itsuei eraikinen barruan mugitzen laguntzeko sistema bat sortu zuten, eta laister jarriko da martxan».

«Originaltasunez gainezka etorri dira zenbait talde aurten», gaineratu zuen Blanca Pardo Innobasqueko sustapen arduradunak. Barakaldoko El Regato ikastetxeko Regatronics taldeak patatak alferrik gal ez daitezen ontzi bati buruzko egitasmoa antzerki bidez azaldu zuen, barazkiz mozorrotuta. Ikastetxe bereko Regabot taldeak, berriz, rap doinuak abestuz elikagaiak hotz mantentzeko egitasmoa aurkeztu zuen.

Loiuko Lauro ikastolakoek erreakzio kimikoen bidez elikagaien osagai alergenikoa detektatzen duen egitasmoa aurkeztu zioten FLLko epaimahaiari eta Eneko Atxa sukaldariari. Elikagaien kalitatea ziurtatzeko, intsektu bakterio eta beste elementu batzuen bidezko kutsadura saihesteko eta biltegiratzeko baldintzak hobetzeko lan egin dute aurtengo partaideek. Beste batzuen artean, ondoko ideiak aurkeztu zituzten: gozokiak saltzeko makina, arrainak jan aurretik ez kutsatzeko konponbidea, aza eta patatetan egoten diren harrei aurre egiteko moduak eta elikagaiak ez kutsatzeko sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.