Gure jornala zuek merezi duzue». Halaxe agurtu zituen Uxue Alberdik Donostiako Easo plazan bildutako bertsozaleak saioaren amaieran. Ez zen gutxiagorako izan. Gogor astindu zuen atzo beroaldiak Aste Nagusia. Eguerdian, hiriko termometroek 36 gradu markatzen zituzten, eta goranzko joera zeraman merkurioak. Hala ere, eta beroaldiak beroaldi, bertsozale ugari bildu zen Easo plazara Aste Nagusiko azken bertso saioaz gozatzera.
Bertsolariek plazako kioskoko itzalpean egonagatik ere gustura bota zuten izerdia. Ikus-entzuleentzat prestaturiko aulkiak, baina, ez zeuden itzalpean. Eguzki izpiek bete-betean jotzen zuten haientzako eremua. Hala ere, bero sapa itogarriak ez zuen zapuztu ikusleen bertso grina, eta irtenbide bat bilatu zuten askok bertso saioa kiskali gabe entzun ahal izateko: eguzkitan zeuden aulkiak hartu, eta alboko lorategiko zuhaizpera eraman zituzten eguzkitik babesteko. Jende gehiago zegoen itzalpean aulkietan baino, eta bukaerarako bertsoak itzalperantz bota zituzten.
Nabaria zen beroaldiaren eragina lehen begiradan. Mikrofonoak prestatzen zebilen teknikoak kamiseta kendu behar izan zuen lanean jarraitzeko. Plazara bildutako ikusle askok antzera egin zuten, kamiseta kendu eta burua estaltzeko erabili. Txanorik ekarri ez zutenek eguzki izpi gupidagabeengatik babesteko beste modurik ez zuten. Bazen, halere, ongi prestatuta etorri zenik. Burua estaltzeko, kapela zeramaten askok. Andre batek guardasola eta guzti ireki behar izan zuen beroaren aurkako borrokan. Osasun zerbitzuek beroaldiari aurre egiteko aholkuei jaramon egin, eta jende askok botila bat ur hartu zuen saiora joan aurretik.
Proba gogorra
Gehienek bertso saioa zuhaitzen itzalpean entzutea erabaki bazuten ere, ausart bakan batzuek, aulkietan tinko mantendu, eta eguzkipean entzun zuten saioa.
Bertsolaritza proba gogorrik egon bada, atzokoa zen horietako bat, eta ez bereziki gaien edo errimen zailtasunagatik. Bertsolariak jakitun ziren haiek ikustera etorritakoek eginiko esfortzuaz, eta guztia eman zuten zaleei ahalegina eskertzeko. Beroak ez zizkien ideiak lurrindu, eta saio polita eskaini zuten. Harro baitzebiltzan bertsolariak, eta ez da harritzekoa. Pertsona gutxiren esku baitago horrelako egun batean horrenbeste jarraitzaile fidelen erakusketa egitea.
Gai nagusiak, nola ez, beroa eta Aste Nagusia. Hurrengorako ikus-entzuleentzako karpa txiki bat ipintzeko proposamena ere bota zuten. Jarraitzaile batzuek zeramaten Indiana Jonesen antzeko txapelei buruzko txantxek ere ez zuten hutsik egin.
Bertsozaleek gogoz eskertu zituzten bertsolarien ahaleginak. Beroak sortutako nekea alboratu, eta gogoz txalotu zuten bertsolarien jarduna. Bainujantzia soinean eta toalla bizkarrean hondartzara bidean zihoazen batzuek ere plazan minututxo batzuk geratu, eta ikuskizunera gehitu ziren.
«Pena merezi izan du horrelako beroa jasatea, bertso saio ederra izan da». Izerdi tanta ugari bai, baina damurik ez zen nabari ikus-entzuleen artean saioa amaitzerakoan. «Hemen itzaletan ez da horren gaizki egoten».
Saioa amaitutakoan, minutu gutxi behar izan zituen plazak husteko. Bertso saiotik osorik ateratzeaz kontentu, beste ekintza freskagarriagoetara abiatu zen jendea. «Zerbeza hotz bat edatera goaz, terraza batera».
Donostiako Aste Nagusia.
Bertso saioa, itzalpetik
Bero itogarriak ez ditu kikildu bertsozaleak, eta jende ugari bildu da Easo plazako bertso saioan. Gehienek, ordea, alboko lorategiko zuhaizpetik entzun dute saioa, eguzki izpiek gogor jo baitute zaleentzat prestaturiko eremua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu