Bilboko Aste Nagusia

Bertso saioa, jai giroan

Zazpikaleetako Santiago plazan egunero egiten da bertso saioa. Atzokoa jai giroan oinarritu zen

Aitor Sarriegi eta Etxahun Lekue bertsolariak, atzoko saioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ordubateko kanpaikadek bertso garaia dela adierazten dute, Bilboko Aste Nagusiak irauten duen bederatzi egunetan bederen. Igandean hasi ziren bertsolariak Zazpikaleetako Santiago plazan kantuan, eta horrela segituko dute datorren igandera arte. Asteazkenean, ordea, Unai Iturriaga eta Anjel Mari Peñagarikanoren eskutik bertso bazkaria izatekoa baldin bazen ere, eguneroko bertso saioak ere bat egin zuen planto egunarekin.

Atzo Aste Nagusiko ostirala izaki, Bilboko jaietako egun handia izan zen. Eta egun horrek agintzen duen eran, bertsotara inguratu ziren Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Iratxe Ibarra eta Etxahun Lekue. Saioa hogei minutuko atzerapenarekin hasi zen, Sarriegi artean iritsi gabe zela. Furgonetak arazo bat izan zuela kantatu zuen, «baju zuen uraren nibela» arrazoituz. Horregatik, Murphyren legeari heldu zion, eta «Zerbait gaizki irten behar denean / Gaizki irteten dela», kantatu zuen. Berandu iritsi izanaren arrazoi nagusia eman zuen azkenerako beasaindarrak, «Galdu naizela esango dugu / Denok konforme eta kitto».

Saioa atzerapenarekin hasi izanagatik ere, Santiago plazatik inor ez zen mugitu, eta jendez beteta zegoen ordu baterako. Eguraldiak horretan ere laguntzen zuen, «Eguzkia hartzera bertsoak entzuten», kantatu zuten.

Aste Nagusia gaitzat hartuz

Bertsolariak Zazpikaleetan eguerdian egoten den giroaren erdian igo ziren oholtzara, eta gai-jartzaileak segituan jarri zituen jai kontuez kantari. Ibarrari eta Gaztelumendiri eguneko edo gaueko giroa, zein den hobea argudiatzeko eskatu zien. «Burua itzaltzen da / Eguzkia joandakoan», kantatu zuen Gaztelumendik, eta «Nori ez zaio gustatzen / Nonoiz burua galtzea?», Ibarraren erantzuna. Gaueko giroan murgilduz gero, bertso saioez ezin dela gozatu leporatu zion añorgarrak, eta Ibarrak «Iruditzen zait bertso guztiak / Kristorenak direla», esanez eman zion buelta.

Lekue eta Sarriegi ere jai giroan barneratu ziren. Bezperan parranda bota zuten biek, baina biharamunean ez dute elkarrekin irten nahi. Saio umoretsua bete zuten bi bertsolariek, ikusleen artean irriak sorraraziz. Lekuek trago bat bera ere ez zuela atera leporatu zion Sarriegiri, baina honek «Bilbon denek gonbidatzen naute», kantatu zion. Neska kontuak ere izan zituzten eztabaidagai, beasaindarra gau guztia neskei kilikiak egiten egon zela kontatu baitzuen Lekuek, horregatik nahiago zuen bakarrik ibili.«Gaur ere bakarrik atera / eta lagunduta joango naiz», kantatuz amaitu zuen saioa Sarriegik.

Jai giroa oinarritzat hartuz, gai serioagoak ere jorratu zituzten bertsolariek. Sarriegi lore saltzaile rolean sartu, eta kalean Lekue ikusi du, negarrez. «Tori zuretzat krabelina / Ea goxa daitekeen barruan duzun mina», egin zion eskaintza larrabetzuarrari. Aurretik neska bati eskaini zion lorea Lekuek, baina «Neskak lorea lorea jaurti / eta zapaldu egin du». Horregatik, krabelina eta eskua eskaini zizkion lore saltzaileak, ondotik krabelina landatzeko.

Gai serioekin jarraitu behar izan zuen ondoren Lekuek, Aste Nagusian egon ezin duen lagun bati gutuna idatzi dion pertsonaren rolean sartu behar izan baitzuen. Gutuna eta konpartsako elastikoa bidali zizkion lagunari, «Aste Nagusia ni baino gehiago /bizi izan duzu eta». Laguna itzultzean, Arriaga atzean zegoen txosnan tragoa hartuko dutela zin egin zion, eta ondoren, «Santiago plazan bertsoak entzutera / gaupasa eginda».

Saio gehienek Aste Nagusiko parrandak izan zituzten ardatz, baina amaiera aldera, hurrengo urterako pregoilariaren bila aritu zen Ibarra Marijaia. Sarriegi Athletic-eko lehoiak mirariak egiten dituela esan zuen, azken boladan partidak jokatu gabe irabazten baitituzte. Lekuek Azkunaren paperean, «pregoia neuk botako dut / Zuk gura ez badezu ere», harrotu zen. Gaztelumendi, Begoñako Ama Birjina izaki, pregoia botaz gero denen bekatuak barkatuko zituela zin egin zuen. Marijaiak denen eskaintzak baztertu, eta hurrengo urterako utzi zuen ardura hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.