Uda helduta, Euskal Herria festetan murgiltzen da. Jendeak kaleak hartzen ditu ondo pasatzeko asmoz; are gehiago, asteburua iritsitakoan. Ostegunean heldu zen zaldibartarren txanda, eta ordutik jaietan dira Durangaldeko herrian (Bizkaia). Festa laburrak dira bertakoak; izan ere, bihar agur esango dute. Dena dela, oso jai biziak dira, eta parte hartzen duten guztiek gozatzen dute. Urtero bezala, arteak, musikak eta kirolak berebiziko garrantzia duteSan Andres jaietan, baina, batez ere, ondo pasatzeko gogoa da festen mamia.
Haurrek zein helduek ederki pasatuko dute gaur goizetik antolaturik dauden ekintza mordoekin. Kirola izango da nagusi goizeko ekimenetan. Goiztiarrenak arku taldearen galeriara joan ahal izango dira, 10:30etik 13:00ak bitartean,haurrentzako eta nagusientzako arku jaurtiketan parte hartzeko.
Zaldibarko Arku Taldeak orain hamalau urte sortu zenetik hartu du parte jaietan. Taldeak antolatutako ekintzek oso harrera ona izan dute beti. «Arku jaurtiketa ezohiko kirola denez, jendeak gustura hartzen du», azaldu du Carlos Olabarriaga taldeko partaideak. Taldeak urtero antolatzen ditu ekintzak bai abenduan, neguko San Andres jaietan, bai udakoetan. Olabarriagak argitu duenez, negukoan txapelketak antolatzen dituzte; udan, berriz, jendeak kirol hori ezagutu eta parte har dezan, erakustaldiak egiten dituzte.
Arku jaurtiketaz gain, egun osoan gaztetxoentzako ekintza ugari izango dira herrian. Jaiak ahalik eta gehien goza ditzaten, txikienek quad motorrak, txalupak, puzgarriak eta saltoan egiteko jumping-ak izango dituzte herriko eskoletan, 11:00etan hasi eta 13:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak bitartean.
Gaurkoa egun gastronomikoa izango da Zaldibarren: goizean hasi eta egun osoan, tortilla lehiaketa, herri bazkaria, askaria eta afariak antolatu dituzte herritarrek. 12:00etan hasiko da tortilla txapelketa, eta, bitartean, sukaldean aritzea gustuko ez dutenek kirola egiteko aukera izango dute, ordu horretan bertan hasiko baitira 3x3 saskibaloi partidak.
Kirola egin eta gero indarra hartzeko, txosnagunean herri bazkaria izango da 15:00etan, lagunekin egon eta ondo pasatze aldera.
Aurrerago, aurreko egunean bezala, 17:00etatik 20:00ak arte, eskulan erakusketa izango da Erretiratuen Etxeko beheko solairuan. Bihar arte egongo dira ikusgai herriko helduek tailerretan egindako lanak.
Musika eta antzerkia kaleetan
Debako Elektrotxarangak musikaz koloreztatuko ditu Zaldibarko kaleak. Izan ere, gipuzkoarrek txosnaguneak antolatutako poteoa girotuko dute 18:00etatik aurrera.
Ordubete geroago, 19:00 inguru, urteroko afari-merienda egingo dute Olea kalean. Solomoa eta sardinak dastatu ahal izango dituzte zaldibartarrek. Gaztetxeko gazteek ere lunch afaria antolatu dute gauerako; poteoa amaituta, 21:00 aldean egingo dute gaztetxean bertan.
Gaua helduta, 23:00etan, Kukubiltxo taldearen Mortimer antzezlana udaletxeko plazaz jabetuko da. Clown lana eskainiko du. Antzezlaneko aktore bakarrak, Aritza Rodriguez zaldibartarrak, bere herrian aurkeztuko du 2009an Leioako Umore Azokan estreinatutako lana. Heriotzari buruzko gogoeta bat da Mortimer; ikusleari barre eginarazi eta batzuetan tristatu ere egiten duena.
Gaua amaitzeko, Gozategi taldearen erromeriak dantzan jarriko ditu parrandazaleak;00:00etan hasiko da kontzertua, txosnagunean.
Bertsoak bihar
Bihar, udako San Andres jaiak agurtzeko garaia helduko zaie herritarrei. Horretarako, zenbait ekintza antolatu dituzte zaldibartarrek,goizean hasita; 11:30ean, meza egingo dute San Martin ermitan.
Geroago, arratsalde partean, azken egunez zabalduko dute Erretiratuen Etxeko eskulan erakustaldia. Aurreko egunetan bezala, 17:00etatik 20:00ak bitartean edozein joan daiteke, helduenen arteaz gozatzeko.
Arratsaldea aurrera joan ahala, jaietako ekitaldi nagusietako bat hasiko da: 18:00etatik aurrera, Zaldua plazan balkoitik balkoira bertsotan arituko dira Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita. Azken urteotan antolatu dute balkoitik balkoirako bertso emanaldia, eta arrakasta handia izan du. Rafa Urizar Zaldibarko Kultura eta Kiroletako Batzordeko buruak azaldu duenez, urtero zaldibartar eta beste herrietako jende asko biltzen da bertsolariak entzuteko.
Jaietako azken txinparta Bizkaiko Astondoa su etxekoek botako dute bihar gauean, jaiei agur esateko.
Jaiak. Sanandresak Zaldibarren
Bertsoak balkoitik balkoira
Bihar arratsaldean Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita izango dira bertsotan Zaldibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu