Bertsolariak Algortan

Bertso saioa egingo dute San Ignazio eguna ospatzeko; besteak beste, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña ariko dira

Unai Iturriaga eta Andoni Egaña. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
San Ignazio eguna ospatuko dute gaur Algortan (Bizkaia). Jaietako azken eguna da, eta ekintza ugari prestatu dituzte. 13:00etan, bertso saioa egingo dute Kasino plazan; Zuriñe Iarrituk jarritako gaiei erantzungo diete Jone Uria, Unai Iturriaga, Andoni Egaña eta Aitor Sarriegi bertsolariek.

Algortako bizilaguna da Uria. 12 urte zituela hasi zen bertsotan, Algortako Bertsolari Eskolan. 2008an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta Ipar Uribeko txapeldunordea izan zen urte berean. 19 urterekin parte hartu zuen 2009ko Txapelketa Nagusian. Bizkaitarra da Iturriaga ere, Durangokoa, hain justu. Hiru aldiz izan da Bizkaiko txapelduna, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lau aldiz heldu da finalera; 2005ean txapeldunorde izan zen, Egaña aurretik zuela. Egañak lau ediziotan lortu du txapela, 1993, 1997, 2001 eta 2005ean; halakorik lortzen lehen bertsolaria izan da. Taula gainean aritzeaz gain, bat-bateko bertsoaren sortze prozesua azaltzeko ekarpen handia egin du.

Sarriegi da gaur bertsotan arituko den laugarrena. Beasaindarra da, eta bertsotan aritzeaz gain, gai-jartzailea ere bada. 2007an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera heldu zen, eta iaz, Beñat Gaztelumendirekin finalean lehiatu ondoren, txapela irabazi zuen.

BERTSO SAIOA

Noiz. Gaur, 13:00etan.

Non. Algortako Kasino plazan (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.