Dena prest dago Baionan egun, gaueko hamarretan herriko etxeko balkoitik txupina bota eta bost egun eta gaueko besta zuri-gorria hasteko. Pregoi ofizialak Maddi Sarasuaren bertsoa ukanen du eskumakila, herriko plazan metatuko diren 50.000 pertsonen aitzinean. Dena dela, beste goseak, ohi den bezala, ez du txupinazoaren beha egoteko irrikarik, eta, astelehenetik, Braderia edo merkatu erraldoiaren eskutik, nagusi da besta giroa hiriko bazterretan.
Bost egun, egitarau ofizialean agertzen diren bezala. Gehiago dira, errealitatean. Han-hemenka, elkarteek azken prestaketak egiten dituzte, abesbatzek azken entseguak egiten dituzte, eta peñetan eta ostatuetan, hozkailuak bete eta oholtzak segurtatu. Bi egunez, astelehenetik, Baiona saltoki erraldoi bat bihurtu da. Braderia edo merkealdien aitzakian herriko karriketan ezarri dituzten salmenta mahaiek kolorez bete dituzte karrikak. Egun eguzkitsuak izan arren, braderiak urrutiko jendeak erakarri ditu Lapurdiko hiriburura, bai saltzaileak, bai erosleak.
Kirolak ere tokia du Baionako bestetan, edo, zehatzago errateko, besten atari den egunean. Goizean, Hegoa elkarteak antolaturik, Miarritze-Angelu-Baiona ohiko lasterketa eginen dute. Hamabi kilometroko lasterketak bestaren «sartze» beroa iragartzen du, korrikalari gehienak zuri eta gorriz jantzirik baitira. Gainera, lasterketa bukaturik ere, besta giroa hedatzen dute Baiona osoan. Eguerdiko hurrupaldiak bazkariari egiten dio toki, eta horrela, besta hasiera ofiziala lagunartean edo familian igurikatzeko parada ematen dute. Aurten, txikienek ere ukanen dute lasterketa egiteko aukera, Hegoak taldeak zortzi eta hamabi urteko haurrei egokitu ibilbidea osatu baitu.
Piperraren usainean
Besta atariko gisa, Ipar Euskal Herriko piper eztiaren sindikatuak munduko piper moleten lehiaketa antolatzen du Baionako merkatuaren ondoan. 2004az geroztik, ekitaldi horrek eguerdi partea betetzen du, lasterketarekin bat eginez Baionako merkatuaren inguruan. Piperraren suspertzea bultzatu nahi duen ekitaldia bestetako ekitaldi naturala bihurtu da. Horren karietara, moleta erraldoi bat egiten dute, 60 kilo piper eta 2.500 arrautza baliatuz. Lehiaketan 30 elkartek baino gehiagok parte hartzen du.
Berrikuntza gutxi egonen dira aurtengo besta programan. Baionako San Andres plazan Baionako besten 80. urtemugaren karietara eginen duten kontzertua izanen da berrikuntza nagusia. Gauean, Anne Etxegoien eta bere Akitaniar Artistak ariko dira oholtzan. Kontzertuak hainbat buruhauste eragin dizkio herriko etxeari, segurtasun neurriak direla medio.
Funtsean, baionarrek elkarteen inguruan antolatzen dituzte ekitaldiak, eta horiek dira besten bihotza. Izan dadin Haurren Egunaren karietara Hor Konpon elkarteak antolatzen duen entzierro txikia, Baionako ikastolek antolatzen duten Karrikaldia, euskal dantzak, kantua eta euskal giroa uztartuz, programa ofizialean agertzen ez den Gazte Egunak eta igandean egiten den presoen aldeko bazkariak giro ezberdinetan sustraitzen den besta bat plazaratzen dute.
Euskarak ere ez du toki handirik Lapurdiko hiriburuko bestetan. Euskararen aldeko ekitaldi bakoitza lorpen gisa bizi du euskalgintzak, eta aurten, Euskaraz Bai taldeak antolaturik, beste eremu bat eskaini nahi diote euskarari. Ostegunean berean, euskaraz kontatuko dute Leon Erregeari iratzartzeko falta zaion denbora. Herriko etxeko balkoitik egitea proposatu du elkarteak, baina, «denbora faltagatik», ihardetsi diote aztertuko dutela ondoko urterako egingarria den. Eskola elebidunetako haurrei gomita egin diete balkoitik ezin bada plazatik beretik euskaraz egiteko kontaketa, bozgoragailuen bidez.
Bizkitartean, hiriko gakoak balkoitik behera jaurtiko dituzte gauean, pozaren eztandari irekiz herriko karrikak.
Besta abian bost egun luzerako
Baionako bestak gaueko hamarretan abiatuko dira, egun, Baionako Herriko Etxeko balkoitik txupina bota ondorenHerriko plaza nagusian 50.000 bestazale igurikatzen dituzte txupinaren tenorean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu