Sanferminak Iruñean

Besta, debekuaren kontra

Gora Iruñea plataformak bere eguna ospatu du Compañia plazan; udalak espaziorik gabe utzi du aurtengo sanferminetanTxan magoaren ikuskizuna, hamaiketakoa, herri bazkaria eta kontzertuak egin dituzte

Artzain apurrak dastatu, eta Iruña taldeko fanfarrearen musikarekin gozatu ahal izan zuten atzo goizean Compañia plazan bat egin zutenek. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Debekuen gainetik, besta. Gora Iruñea plataformako kideek Compañia plaza hartu zuten atzo, eta egun osorako egitaraua eskaini zieten iruindarrei eta bisitariei. Prestatutako ekitaldien bitartez, Iruñeko Udalaren debekuari egin nahi izan zioten aurre.

Udalak espazio propiorik gabe utzi du Gora Iruñea aurtengo sanferminetan. Runan bi agertoki eta bi karpa jartzeko proposamena egin zuen plataformak, baina udalak erabaki zuen lehiaketa bidez banatzea parke horretan toki bat izateko aukera, eta Gora Iruñea plataformako kideek ez zuten irabazi.

Egitarau ofizialetik at, herri egitaraua eskaintzeko asmoari eutsi zioten, hala ere, eta asmo horren harira ospatu zuten atzo, Compañia plazan, Gora Iruñea eguna. Eguraldia lagun izan zuten, eta besta guneko giroa ere berotuz joan zen, egunak aurrera egin ahala. Adin guztietako herritarrek izan zuten zerekin gozatu: hamaiketakoa, Txan magoaren ikuskizuna, herri bazkaria, Trikidantz taldearekin dantzaldia, Irrien Lagunen kalejira eta kontzertua.

«Runan espaziorik gabe geldituko ginela jakin eta gero, egun baterako egitaraua prestatzea erabaki genuen. Sanferminetan parte hartu nahi genuen, eta debekuari bestaren bidez erantzun. Talde askoren babesa eta laguntza jaso genuen, baina denek ezin izan dute parte hartu», azaldu zuen Gora Iruñea taldeko kide Xabier Garciak, atzo.

UPNren jarrera salatu zuen Garciak. «Herri mugimendua gune propiorik gabe uzteko erabakiarekin giroa kutsatu egin dute. Riau-riau eguneko liskarrak ere UPNk berak bilatu zituen. Jarrera horri gure egitarauarekin erantzun nahi izan diogu guk».

Hamaiketakoa eta musika

Eguzkia lagun, goizean goiz hasi ziren Gora Iruñea plataformako kideak Compañia plazako agertokia prestatzen. 11:00etarako, prest zituzten artzain apurrak, eta plazara hurbildu ziren guztiek dastatu ahal izan zituzten, ardoa lagun. Musikarik gabeko bestarik ez da Iruñean egunotan, eta Gora Iruñea taldeko kideek Iruña taldeko fanfarrea eraman zuten giroa alaitzeko. Gogor egin behar izan zuten lan musikariek, lehen orduetan jende gutxik egin baitzuen bat plazan.

Hamaiketakoa dastatzera goiz hurbildu zirenen artean Bilboko konpartsetako hainbat kide bazen. Harrera egin zieten atzo Gora Iruñea taldeko kideek. Urrutiagoko bisitaririk ere bazen atzo Compañia plazan, hala ere. Stein Svaza tartean. «Laponiatik nator; samia naiz», aurkeztu zuen bere burua, kazetarion aurrean.

Duela hamabi urte ailegatu zen lehendabizikoz Svaza sanferminetara. Ez da ezagutzen duen Euskal Herriko besta bakarra. Eta ezagutu dituen denak maite ditu. Euskal politikarekin eta kulturarekin lotutako gaiekin ere interes bizia du. «Herri txikiok elkarri lagundu behar diogu; eta elkar ezagutu», azpimarratu zuen. Svazak, behintzat, ongi ezagutzen du Euskal Herria, eta BERRIA bera ere bai. Sorterrian, Karasjok izeneko herrian, prentsan aritzen da Svaza ere. Atzo, lana bazter utzita, 16 urteko semearekin ari zen bestaz gozatzen. Fanfarrearen atzetik alde egin zuten biek, Alde Zaharreko karriketan barrena kalejiran.

Compañia plazan, Txan magoa gelditu zen, eta hari so, hamaika haur, gazte eta helduk egin zuten bat. Eguzkiak gogor jotzen zuen arratsaldeko lehen orduetan Iruñean, eta denak itzala bilatzen saiatzen ziren. Txan magoaren ikuskizunak itxi zuen goizeko ekitaldien zerrenda zabala. Eguerdian herri bazkaria egin zuten, eta haren eskutik, 200 pertsona inguruk egin zuen bat plazan.

Dantza egiteko parada izan zuten denek gero, Trikidantz taldearen eskutik. 20:00etarako, berriz, kontzertua prestatu zuten antolatzaileek, Demokrazia Zero, Esne Beltza eta Pottoka Punk taldeen eskutik.

Bestaren alde egin zuen apustu Gora Iruñea taldeak, eta egun osoko egitaraua oparitu zien iruindarrei. Debekuen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.