Jaiak. Leitza

Besta, gori-gori Leitzan

Atzo bota zuten jai hasierako suziria, eta gaur ospatuko dute San Tiburtzio eguna leitzarrek

Jende asko bildu zen atzo udaletxeko plazan, txupinazoa ikusteko asmoz. JAGOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean hasi ziren Leitzako bestak. 18:00etan, suziria botatzeko ohorea izan zuen Saioa Iraolak eta Irati Napalek, Bilgune Feministaren izenean. Ondotik kalejira egin zuten, txaranga, txistulari, gaitero eta buruhandiekin batera. Dena den, bestan murgildurik zebilen herria. Izan ere, larunbatean egitarau banaketa egin zuten, eta hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Igandean ere besta eguna izan zuten, baina haurrentzat.

Gaur da San Tiburtzio eguna. Dianekin hasiko da goiza, eta ondotik entzierroa izanen da. 10:30ean meza izanen da, eta 12:00etan Aurrera dantza taldeko ezpata dantzariak aterako dira plazara. Arratsaldean, herri kirolekin gozatzeko aukera izanen da plazan. 20:30erako King Kong Neska bakarrizketa saioa antolatu dute karpan. Leitzako ingurutxoa 21:00etan dantzatuko dute, eta herritarrek parte hartzeko aukera izanen dute. Haurrek zezensuzkoa izanen dute 22:00etan, eta gauean Emon taldeak kontzertua emango du karpan. 02:00etan zezenak izanen dira plazan, txaranga doinuekin batera.

Onintza Bengoetxea Leitzako kultura zinegotziak esan duenez, bestetan jende asko biltzen da. «Plaza betetzen da ekitaldi guztietan». Udalbatza berria izan arren, bestak prestatzeko lanetan ez dira larri ibili. Izan ere, haiek ailegatu aurretik nahiko antolaturik baitzegoen dena. Bengoetxeak aurtengo besten egitarauko bi berrikuntza aipatu ditu: alde batetik, gazte eguneko eskorga lasterketa —larunbatean eginen dute—; bestetik, emakumeen pala partida —igande goizean jokatuko da hori—.

San Tiburtzio bestak abuztuaren 15era bitarte ospatuko dira. Egunero izanen dira entzierroak eta arratsaldeko zezenak. Dantzaldiak ere ez dira faltako gauez, eta kontzertuak karpan izanen dira. Bi egunetarako antolatu dituzte bertso saioak, eta kirol lehiaketak izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.